Arrantzari buruzko hitzaldia emango du Leo Belaustegik
Arrantzaren iraganari, gaur egungo egoerari eta etorkizuneko erronkei buruzko hitzaldia emango du Leo Belaustegik Ondarroan. Ondarroa 12 milia taldeko partaideak Gure arrantzaren etorkizuna lantzen izenburupean hitzaldia eskainiko du, eguaztenean, 19:0...
Arrantzak azken 50 urteetan izandako bilakaerari, gaur egun bizi duen egoerari eta etorkizuneko erronkei buruz mintzatuko da Belaustegi.
Ondarroa 12 milia plataforma duela bost urte sortu zen, gizarteak jakin dezan arrantza munduan zer nolako gehiegikeriak egin diren eta horrela jarraituz gero etorkizunean zer gertatuko den. Itsasoari «izugarrizko ustiaketa» egin zaiola onartu du Belaustegik, eta kutsadurak eta klima aldaketak ere asko eragin dutela sektorearen gainbeheran.
Gaineratu du, arrantzaleek dituzten lan baldintza txarrek ere arrantza kolokan jartzen dutela, eta guzti horrek etorkizun hurbilean izango duen eragina «izugarria» izango dela. Azken urteetan, Ondarroako portuko txalupa guztien %85 desagertu egin da, eta horrek, sektoreak jasan ezin duen egoera bat erakusten du Ondarroa 12 milia plataformaren ustez.
Erronka horiei zelako erantzuna eta konponbidea eman proposatuko du Ondarroa 12 milia elkarteak. Belaustegiren ustetan, arrantza sektoreak orain dagoen modura jarraituz gero, «amildegira» joango da, eta urte luzez Euskal Herriko sektore garrantzitsu eta kostaldeko bizitza kultural eta sozialaren ardatza izandakoa desagertu egingo da. Beharrezkoa ikusten dute gizartearen eta erakundeen parte hartzea, arazoari aurre egin eta arrantzak etorkizuna izan dezan.