Zabalduz eta salatuz Gernikako sarraskia mundura
Gernika bonbardeatu zuteneko 80. urteurrenaren ekitaldiak hasi dira eta urtero legez George Steer kazetaria omendu dute. Gernikako sarraskia lau haizetara zabaldu zuen kazetariaren semea bertan egon da.
Gerra korrespontsala zen Steer, eta Gernika-Lumon zen faxistek bonbardatu zutenean. Haren kronikak The Times eta The New York Times egunkarien azalak hartu zituen, mundu zabalean 1937ko apirilaren 26 hartan Gernika-Lumon gertatu zenaren berri emanez. Haren bustoaren aurrean omenaldia egiten diote urtero, baita aurten ere.
Aitaren omenaldira gerturaturikoei eskerrak eman dizkie George Steer semeak eta Euskal Herria berpizteko gogor lan egin duten andren, gizonen eta umeen lana goraipatu du. Horrez gain, gernikarren eta euskal jendartearen babesa eskertzeaz gain, erakutsi duten jarrera tolerantea ere goraipatu du Steerrek. Jose de Ganboa eta Jose Agirre lehendakariaren semea ere izan ditu gogoan, “eman didaten laguntasunagatik, adiskidetzagatik eta inteligentzia, gizatasun, eskuzabaltasun eta sendotasun irakaspenagatik”.
Gernikazarra Historia Taldeko kideek, Steerrek gerora idatzitako liburuaren pasarte bat irakurri dute. Era berean, Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok kazetari britainiarraren lana azpimarratu du, eta kazetaritza konprometituaren aldeko deia egin du.
Azkenik, bustoaren aurrean lore eskaintza egin dute.