Sei mendi tontorretatik igaroko da domekan 52. Ibilaldi Neurtua
Markina-Xemeindik irten, Berriatua inguratu, eta berriz Markina-Xemeinera itzuliko dira partaideak. 26 kilometroko ibilbide luzea eta 10 kilometroko laburra daude aukeranArtibai Mendigoizale taldearen eskutik, Markina-Xemeinen irteera eta helmuga izang...
Markina-Xemeindik irten, Berriatua inguratu, eta berriz Markina-Xemeinera itzuliko dira partaideak. 26 kilometroko ibilbide luzea eta 10 kilometroko laburra daude aukeran
Artibai Mendigoizale taldearen eskutik, Markina-Xemeinen irteera eta helmuga izango dituen 52. Ibilaldi Neurtua egingo da domekan, inguruetako mendietan zehar. Bi aukera egongo dira, urtero legez: ibilbide luzea eta laburra.Ibilbide luzea gutxi gorabehera 6 ordu eta erdian egiteko modukoa dela jakitera eman dute Artibai Mendigoizale Taldekoek. Guztira 26 kilometro izango dira, Markina-Xemeingo Arkupetik irtenda, parte hartzaileek maldan gora eta behera egin beharko dituztenak. Irteera ordua 07:30ean izango dute.
Ibilbide laburra egitera animatzen diren mendizaleak, berriz, autobus geltokian daukate hitzordua, 09:30ean. Izan ere, autobusez joango dira Milloi mendateraino, eta han ekingo diote oinezko ibilbideari.
Ibilaldi laburrak 10 kilometroko luzera izango du, eta bataz beste hiru orduko iraupena duela zehaztu dute antolatzaileek.
Ibilbide polita
Ibilbidea oso polita dela azpimarratu du Jabier Arrate Artibai Mendigoizale Taldeko kideak. Aurtengo ibilbide neurturako mendi bat gehitu dutela azaldu du, eta, beraz, sei mendi tontor igo eta jaitsi beharko dituzte ibilaldi luzeko parte hartzaileek. Bi hornidura gune aurkituko dituzte tartean indarrak hartzeko, lehenengoa Okola Serrategian eta bigarrena Arraten.
Ibilbide luzekoek eta laburrekoek bat egingo dute Milloitik aurrerako bidean, tarte hori partaide guztientzako bera izango da eta. Ibilbide laburrekoek tontor txiki bi igo beharko dituzte, eta hornidura gune bat edukiko dute atseden hartzeko.
Izena emateko aukera
Beti bezala, ibilbide neurtuan parte hartzea doakoa da, eta amaitzen duten guztiei opari bana emango diete antolatzaileek. Antolakuntza errazteko, aldez aurretik izena emateko aukera eskaintzen du Artibai Mendigoizale Taldeak. Horretarako hainbat aukera daude: amt@alpinoartibai.org.es helbide elektronikora idatzita, 605 71 29 37 telefono zenbakira deituta, edo Alpinoren lokalean edo Loirats mertzerian izena emanda.
Horrez gain, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da Arkupean jarriko duten irteerako mahaian. Bertan amaituko da ibilbidea ere.