Gernika RTko neskek aldeagaz irabazi dute ligako azken partida
Gernika Rugby Taldeko neskek bigarren amaitu dute liga, 22 puntugaz. Haren aurretik, Marzola RC errioxarrak 25 puntu bildu ditu. Orkli Ordizia hirugarrenak 8 puntu ditu, eta Bera Bera azkenak 4 puntu.Zapatuan jokatu zuten azken partida Irunen, Bera Ber...
Zapatuan jokatu zuten azken partida Irunen, Bera Beraren kontra, eta Gernika RT 0-59 nagusitu zen. Basurdeek azaldu dutenez, «gogor» hasi ziren, eta giltzarria izan zen partida irabazteko. «Seguru eta garaipena lortzeko gogo itzelagaz hasi genuen partida, eta oso gustura jokatu genuen, gure jokoa egiteko arazorik barik».
Gernikarrek bederatzi entsegu egin zituzten, sei lehen zatian, eta hiru bigarrenean, eta Batirtzek horietatik zazpi entsegu transformatzea lortu zuen.
Bera Bera ere entsegua egiteko zorian egon zen bigarren zatian, baina basurdeek ondo erantzun zieten.
Euskal Liga garaipenagaz amaitu dutelako pozik daude gernikarrak: «Oso ondo jokatu genuen, eta denboraldia horrela borobildu dugulako pozik eta gustura gaude».
Gizonezkoek ere irabazi
Ohorezko Mailan, Gernika RTk maila mantentzea ziurtatu zuen zapatuko garaipenagaz. 39 puntugaz, zortzigarrena da sailkapenean. Hilaren 23an jokatuko dute Ohorezko Mailako azken jardunaldia, eta talde gernikarrak Bartzelonaren kontra lehiatuko du Urbietan. Bestalde, hilaren 30ean Alcobendasen kontra jokatuko du 20. jardunaldian atzeratu zuten partida.
Basurdeak matematikoki mailari eusteko helburuagaz zelairatu ziren Paduran, eta hasierako minutuetan partida kontrolpean izan zuten. Hala ere, etxeko taldeak estreinatu zuen markagailua, eta aldageletara joan aurretik 10-22koa zen.
Bigarren zatian paretsu ibili ziren bi taldeak, baina 54. minutuan, Fordhamek basurdeen laugarren entsegua egin zuen, eta horri esker mailari eusteko helburua bete zuten gernikarrek, 23-40ko emaitzagaz.