Alde Zaharreko dendak artez bete dituzte
Bermeoko hainbat artistaren lanak ikusgai daude 60 denda ingurutan. Ekimenaren bitartez, Bermeoko artea eta merkataritza sustatu gura dituzte, eta, era berean, Alde Zaharra indartzea dute helburu.Bermeoko Alde Zaharrak askotarako ematen du; hurrengo hi...
Bermeoko hainbat artistaren lanak ikusgai daude 60 denda ingurutan. Ekimenaren bitartez, Bermeoko artea eta merkataritza sustatu gura dituzte, eta, era berean, Alde Zaharra indartzea dute helburu.
Bermeoko Alde Zaharrak askotarako ematen du; hurrengo hilabetean, museo ere bilakatuko da. Izan ere, Alde Zaharreko dendak artelanak erakusten ari dira.Bermeoko Udalak, Bertonek eta Barrueta Arte Elkarteak antolatutako ekimen baten bitartez, artea eta merkataritza uztartu dituzte, bi horiek sustatzeko batetik; eta Alde Zaharra indartzeko, bestetik.
Hurrengo hilean, beraz, Alde Zaharreko 60 denda inguruk Bermeoko hainbat artistaren lanak erakutsiko dituzte, estilo eta tamaina ezberdinetakoak. «Herritarrek Alde Zaharreko dendetan erosketak egiten dituzten bitartean, herriko artisten artelanak ezagutzeko aukera edukiko dute», azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Ikasleen marrazkiak
Era berean, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleen marrazkiak ere erakutsiko dituztela azaldu dute. Marrazki onenen egileek, gainera, saria jasoko dutela jakinarazi dute.
Artelanak eta marrazkiak ikustera joateak, bestalde, saria izango du. Fitxa erraz batzuk betetzen dituztenek opari txikiak jasoko dituzte. Fitxa horietan, hamasei denda parte hartzaileen eta horietan dauden artelanei buruzko informazio eman beharko dute parte hartzaileek.
Opariak denda parte hartzaileak emandakoak izango direla jakinarazi dute, eta apirilaren 29an, zapatuan, Bermeoko lore lehiaketaren sari banaketa ekitaldian banatuko dituzte.
Barrueta Arte elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, hasierako ideia artelanak Alde Zaharreko lokal hutsetan jartzea zen, baina ez da posible izan. Lokal huts batean baino ez dituzte artelanak jarri.