Cikautxok diruz lagunduko ditu Ondarroako eta Lekeitioko arraun taldeak
Lekeitiok eta Ondarroak elkarlanean osatu duten nesken arraun taldearen kostu ekonomiko osoa ere bere gain hartu du Berriatuko kooperatibak. Hitzarmenek hiru urterako balioa daukateCikautxo kooperatibak Ondarroa Arraun Elkartea, Lekeitioko Isuntza Arra...
Lekeitiok eta Ondarroak elkarlanean osatu duten nesken arraun taldearen kostu ekonomiko osoa ere bere gain hartu du Berriatuko kooperatibak. Hitzarmenek hiru urterako balioa daukate
Cikautxo kooperatibak Ondarroa Arraun Elkartea, Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartea eta bi elkarteek elkarlanean atera duten nesken trainerua diruz lagunduko ditu. Kooperatibak atzo sinatu zituen hiru urterako hitzarmen horiek bi arraun elkarteekin.Arraun elkarteetako presidenteak pozik daude. «Bi arraun elkarteentzako hitzarmena zoragarria da, ezin sinistekoa. Gainera, Lea-Artibaiko enpresa bat izanda, are pozgarriagoa da. Horrek erakusten du Cikautxo eskualdeagaz konprometituta dagoela», esan du Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkartearen presidenteak.
Hitzarmena historikoa da, eta kooperatiba bera hurreratu da bi arraun elkarteengana. Aurten, Cikautxo hobeto dabilen urtea izanda, zer edo zer ezberdina egin behar zutela bururatu zitzaien kooperatibakideei. Eta ingurukoei laguntza emate aldera, alor ezberdinak ikutu nahi izan dituztela azaldu dute. Kirol munduari ekarpena egiterakoan, baina, eskualdearen adierazgarri zen kirol modalitate bati laguntza eman nahi izan diotela esan dute. «Bakarrik talde bati laguntza emanez gero, bestea baztertu egingo genukeen. Beraz, Ondarroako elkartea, Isuntzaren Lekittarra eta horiek elkarlanean sortu duten nesken taldea laguntzea pentsatu genuen, hori ere ekintza polita iruditu zaigu eta».
Bi arraun elkarteetako presidenteek bat egin dute kooperatibak eurekiko hartutako konpromisoa «oxigenoa» dela esatean.
Nesken taldea
Nesken taldeari dagokionez, bai Isuntzak eta baita Ondarroak ere nesken taldea ateratzeko zailtasunak zituztela aitortu dute. «Duela bi edo hiru urte nesken taldea ateratzeko nahian ibili ginen, baina ez genuen lortu. Aurten, bai guk eta baita Isuntzak ere nork bere aldetik taldea ateratzeko arazoak genituen. Beraz, taldea osatzeko kanpora jo beharrean, izaera nahikoa antzekoa daukagula kontuan hartuta, elkarlanean taldea osatzea erabaki genuen», azaldu du Gorka Elordi Ondarroa Arraun Elkartearen presidenteak.
Nesken taldeak Lea-Artibai izena dauka, eta horren kostua oso-osorik ordainduko du Cikautxok. Hala, talde horren traineruak Cikautxo Lea-Artibai izena edukiko du.
Hitzarmenak tarteko, bi arraun elkarteek Cikautxoren izena han eta hemen zabalduko dute. «Elkarte bakoitzagaz sinatutako akordioak ezberdinak dira, baina oinarrian helburu bera daukate». Dena dela, horiek guztiak aurrerago zehaztuko dituzte. Adibide bat ematearren, Ondarroako Bandera 33. Ondarroako Bandera Cikautxo Saria izango da aurten.
Cikautxok eskualdeko arraun taldeekiko hartutako konpromisoa beste maila batekoa bada ere, ez da estreinako aldia kooperatibak eskualdeko taldeei laguntza ematen diena. «Nahiz eta asko ez ikusi, Cikautxok talde txiki askori laguntza txikiak ematen dizkie».