XI. mendera begirada
Euskal Herria Museoak mende laurdena ospatzeko askotariko ekitaldiak prestatu ditu urte honetarako. Asteburuan, esaterako, Erdi Arora jauzia egin zuten, Otsolur elkartekoen eskutik.Hamarkada bat atzera egin, eta XI. mendera hurbiltzeko aukera eskaini z...
Euskal Herria Museoak mende laurdena ospatzeko askotariko ekitaldiak prestatu ditu urte honetarako. Asteburuan, esaterako, Erdi Arora jauzia egin zuten, Otsolur elkartekoen eskutik.
Hamarkada bat atzera egin, eta XI. mendera hurbiltzeko aukera eskaini zuen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak aurreko asteburuan.Otsolur elkarteko kideen eskutik, Erdi Aroko bizimoduaren irudikatzea egin zuten museoaren atzealdean dagoen Europako Herrialdeen Parkean. Ekimen berezi hori museoaren mende laurdena ospatzeko ekitaldien barruan egin zuten.
Bertakoen zein bisitarien arreta bereganatu zuten bi egunetan. Izan ere, Erdi Aroko kanpalekua jarri zuten.
Otsolurko kideek askotariko tailerrak eta erakustaldiak egin zituzten, goizez eta arratsaldez.
Gerlari baten arropak jantziz, borrokaldien erakustaldiak eginez, arku-jaurtiketak edota armen, elikagaien zein jardueren inguruko azalpenekin osatu zuten haien egitaraua.
Hain zuzen ere, Erdi Aroko bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du Otsolur elkarteak.
Haien berbetan, museoaren kanpoaldea oso leku aproposa da beraien jarduna burutzeko: «Lekua ikusgarria da. Harrera ona izan dugu, eta gu zein museoko kideak oso pozik gaude. Datorren urtean ere etortzeko esan, eta zerbait handiagoa egiteko eskatu digute», azaldu du Alfonso Espina Otsolur elkarteko kideak.
Xehetasunak zaintzen
Zehatz esateko, XI. mendeko gizartearen parte bat ekarri zuten Gernika-Lumora. Garai hartako herritarren bizimoduaren xehetasunak azaldu zizkieten bertara joan zirenei.
Haien egunerokotasunean murgiltzeko aukera eskaintzen dute Espinak eta haren kideek: Zer egiten zuten, zer-nolako artisauak ziren, armen inguruko azalpenak eta abar ematen dituzte. «XI. mendeko kampalekua jarri dugu, gutxi gorabehera Nafarroako errege ezagunenetako bat izan zen Santxo III.aren garaikoa. Erregearen gortera doan noble bati laguntzera goazen taldea edo jarraileria gara».
Hala ere, garai hartan ez zen normalena bakoitzak bere oihal etxola edukitzea. Estatus jakin bateko pertsonen kontua zen, nekazari batek, esaterako, ez zuen horretarako baliabiderik.
Museoaren atzean jarritako kanpalekuan gerlariak eta mertzenarioak izan ziren nagusi. Baina bazeuden artisauak eta merkatari bat ere.
Emakume bat bordatze lanetan, artisau bikote bat larrua lantzen, ume bat sua pizten, gerlari bat armak zorrozten… Zehaztasun guztiak zaintzen dituzte ahalik-eta irudikatze zorrotzena egiteko.
«Asko hurbiltzen zaizkigu Erdi Aroko azoka bat garela pentsatuz. Baina ez da horrela, guk egiten dugunak ez du azokekin zerikusirik, eta hori argi geratzea gura dugu. Erdi Aroko azokak saltzeko sortu ziren produktu komertzialak dira», azpimarratu du Espinak.
Mitoak apurtzen
Otsolur taldeko kideek dena dokumentatuta daukate; anakronikoa den ezer ez egotea asko zaintzen dute. «Arropei buruz ere ikerketa eginda dago. Ditugun baliabideekin, irudikatzen dugun garaiagaz ahalik-eta zorrotzenak izaten ahalegintzen gara, garaiko benetako kanpaleku bat irudikatzeko».
Arku sailak, jaurtitzeko armak, xabalinak… Erdi Aroko askotariko armak eta erremintak dituzte, eta horien inguruko azalpenak adi entzuten dituzte ikusleek.
Batik bat, mitoak apurtzen dituztela diote: «Erdi Aroari buruz jendeak dituen klixeak apurtzen ahalegintzen gara, jendea konturatu dadin ez dela fantasia. Pelikulek faltsua den estereotipoa sortu dute».
Esate baterako, ezpatek ez dute gehienek uste duten besteko pisurik, eta haien irudikatzeetan ezpatak hartzean jendea harrituta geratzen da horrelako xehetasunekin.
Era berean, gerlariek ez dutela zertan gizonezkoak izan ere erakusten dute saioetan.
Zaletasuna da haientzat, eta taldeko kide askok haien seme-alabei ere transmititu diete zaletasun hori. «Umeek oso ondo pasatzen dute hemen. Hau mundu bat da. Ni 2007an hasi nintzen, baina badira lehenago zein geroago hasi direnak ere. Taldea, berez, iaz sortu genuen, baina aurretik beste talde batzuetan aritu izan gara. Zerbait ikusgarria egiteko asmoagaz erabaki genuen batzea», dio Espinak.
Parte hartzea bultzatu
Erdi Aroko irudikatzeetan Euskal Herrian «hasiberriak» direla azaldu du, eta beste leku batzuetan aspalditik egiten dituztela.
Jendearen parte hartzea bilatzen dute. Interesa dutenek galdetu, eta haiek dagozkien azalpen guztiak ematen dizkiete.
Jakingura dutenei elkartekoei mezu elektroniko bat bidaltzeko eskatu diete: «Galdetu, probatu, eta asko ez gastatzeko gomendatzen dugu. Horretarako, XI. mendeagaz hastea aholkatzen dugu, arropak sinpleagoak direlako, eta ez dago hainbeste osagarri».
Gernika-Lumoko esperientziagaz pozik daude, bertaratu zirenek jakinmina erakutsi zuten, eta ume zein nagusien galderak erantzuten aritu zirela azaldu dute.