Arrantzale egunagaz asteburu luzeari ongietorria emango diote
Asko Gutsut ideia-kolektiboko kideak martxan daude berriro, eta gaurko eguna koloreztatu gura dute; kolore ezberdinetako hautsak zabalduko dituzteAndra Mari eta Santa Eufemia jaietako hirugarren eguna dute gaur Bermeon; jaietako egunik garrantzitsuenet...
Asko Gutsut ideia-kolektiboko kideak martxan daude berriro, eta gaurko eguna koloreztatu gura dute; kolore ezberdinetako hautsak zabalduko dituzte
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako hirugarren eguna dute gaur Bermeon; jaietako egunik garrantzitsuenetariko bat asko eta askorentzat. Arrantzale egunagaz batera, asteburua ondo baino hobeto hasiko dute bermeotarrek.Festarako eguna da Arrantzale eguna, baina goizean, lehenik eta behin, omenaldirako tartea hartzen dute. Izan ere, arrantzagaz eta itsasoagaz lotutako bizilagunak izaten dituzte urtero gogoan. Aurten, Jesus Gangoiti Asla bateleroa, Marcel Bilbao Doloraga bateleroa, Maria Garvia Eizagirre kordeleroa, Pilar Zubia Elordui kordeleroa eta Juan Antonio Apraiz Koiote arrantzaleen historialaria izango dira omenaldiko protagonistak.
11:00etako mezaren ostean, kalejiran joango dira Santa Eufemia elizatik porturaino, han omenaldia egiteko. Omendu guztiei ohorezko aurreskua egingo diete lehenik, eta, ondoren, lore eskaintza egingo diote Itzulera monumentuari. Urteroko ohiturari eutsita, bertaratutakoek Arrantzaleen abestia kantatu, eta hegaluzea dastatzeko aukera edukiko dute.
Kolorea eman nahi
Omenaldiak amaituta, festa nagusituko da herrian. Bermeotarrak Goiko Plazan batuko dira eguerdirako, handik, fanfarreekin batera Taraskaraino kalejiran jaisteko. Gaurkoan ere, Taraska ez da lore barik geratuko, han gelditu eta lore eskaintza egiteko tartea ere edukiko baitute bermeotarrek.
Arrantzale eguneko itsas-urdin kolorea talko hautsen zuriak argitzen du urtero; ohitura baita horiek botatzea. Bermeoko Udalak, baina, talko hautsik ez botatzeko deia egin du aurten ere, urtero egiten duen moduan: «Kaleek laban egiten dute, eta hainbat herritar jausi egin izan ohi dira. Gainera, osasun arriskuak sorrarazten ditu».
Ohitura hori aldatzeko prest agertu dira anonimoak diren Asko Gutsut ideia-kolektibokoek. Arrantzale eguna kolorez betetzeko helburua jarri dute oraingoan. Kolore ezberdinetako hautsak zabalduko dituzte, zakutxoetan. Guztira, sei kolore egongo dira: horia, laranja, gorria, morea, urdina eta berdea.
Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, urtero, udalak ez botatzeko eskatu arren, jende askok talko hautsak erabiltzen ditu. «Argi dago ezin dela jendearen parranda gogoa debekatu. Baina, zergatik ez ordezkatu? Zerbait osasunerako kaltegarria izango ez dena, eta, gainera, ikusgarriagoa dena».
Hala, gaurkoan, herria kolorez betetzeko prest dauden horiek 11:00etatik aurrera Goiko Plazako Kabidxe gune sozialean eskuratu ahalko dituzte kolore ezberdinetako zakutxoak. 1.000 zakutxo banatuko dituztela azaldu dute.
Zerura begira
Andra Mari eguna izan zen atzo, eta ohituraz betetako eguna izaten da. Modu horretan, hutsik egin barik, guztiak bete zituzten atzokoan ere. Goizean, Bermeoko Udalbatza Talako Andra Mari auzoan batu zen, eta alkate soinua entzun zuten. Ondoren, kalejiran abiatu ziren Almikarantz. Han, meza entzun ostean, ohorezko aurreskua dantzatu, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eta Xixiliren ekitaldia izan zen.
Ez dago Andra Mari egunik umeen danborradarik barik, eta antolatzaileek egun osoa zerura begira eman bazuten ere, arratsaldean euririk ez, eta danbor hotsa nagusitu zen herrian. 120 ume batu dira aurten, eta kalez kale ibili ziren bi ordu inguru; danborra jo eta jo ilundu arte.
Eta, gaua ere zerura begira amaitu zuten bermeotarrek, baina ez eguraldiari begira, baizik eta su artifizialen argiei begira. Asko eta asko izan ziren portura bertaratu zirenak Andra Mari egunean ohikoak diren su artifizielen ikuskizunagaz ondo pasatzera.