Santanape kiroldegiko gimnasia makinak berriztuko dituzte
Gernika-Lumoko Kirol Patronatuak 204.000 euro inbertituko ditu, Santanapeko kiroldegiko gimnasioko makinak berrizteko. Aurten makineria guztiaren %65 aldatuko dute, eta gainontzeko %35, datorren urtean. Ohikoak diren beste inbertsioekin batera, Kirol P...
Aldatuko den makineriaren %85aren barruan, arraunerako lau makina, korrika egiteko zortzi zinta, sei bizikleta eliptiko, bi step makina, bi eskailera, hiru bizikleta altu, bi bizikleta etzan eta gaitasun anitzeko pertsonentzako makina bat egongo dira. Gimnasioko hamabi bizikleta eta spinning egiteko beste hamahiru bizikleta ere aldatuko dituzte.
Beste alde batetik, gimnasioko, pasilloko eta armairuen guneko zorua ere aldatuko dute. Tresneria eta ekipamenduaren aldaketa abuztuko oporretan egingo dute, kiroldegia itxita dagoen egunetan.
1.000 erabiltzaile egunero
Santanapeko kiroldegia da egunean erabiltzaile gehien erakartzen dituena, bataz beste 1.000 bisitari. Kiroldegiak 5.185 bazkide ditu, 4.100 gernikarrak eta gainontzeko %21,15 eskualdeko herrietakoak. %54 gizonezkoak dira, eta %46 emakumezkoak.
Urbietako kirol gunea da herriko bigarren gunerik erabiliena, ohiko 800 erabiltzailegaz, astean egiten dituzten bi eta lau saiogaz. Bertan, eskoletako eta errugbi zein futbol taldeetako erabiltzaileak dira gehienak.
Malosteko kiroldegian, aldiz, egunean 140 bat pertsona biltzen dira, gehien bat saskibaloiagaz lotutako entrenamenduak egiteko.
Jai Alai frontoia da laugarren kirolgunea; egunero Zesta Punta Eskolako 50 bat haur eta gazte bertaratzen dira. Frontoiak urtean hamabost eta hogei ekitaldi kultural eta musikal artean jasotzen ditu.
Gernika-Lumoko Kirol Patronatuak 2.070.000 euroko aurrekontua dauka 2016 urterako. Hortik 1.471.000 euro udalaren ekarpen zuzena izan da, eta gainontzeko 590.000 euroak bezeroen kuoten eta erabiltzaileen sarreretatik datoz.