Bougader eta Ahbouche nagusitu dira Markina-Xemeingo herri krosean
Herriko korrikalaririk azkarrenak Pedro Mari Arriola eta Beronika Noya izan dira. 94 korrikalarik eman dute izena herri krosean, eta 80k amaitu dute ibilbide osoa25 minutu eta 29 segundoko denboragaz, Othman Bougader izan da aurten Markina-Xemeingo her...
Herriko korrikalaririk azkarrenak Pedro Mari Arriola eta Beronika Noya izan dira. 94 korrikalarik eman dute izena herri krosean, eta 80k amaitu dute ibilbide osoa
25 minutu eta 29 segundoko denboragaz, Othman Bougader izan da aurten Markina-Xemeingo herri kroseko gizonezkoen mailako txapelduna. Emakumeetan, bestalde, erraz nagusitu da Samira Ahbouche santu- txuarra, 00:31:29 eginez.Gizonezkoen kasuan, erraz irabazi zuen Bougader-ek; beste korrikalari guztiak atzean utzita ailegatu zen Zelaiko helmugara. Lehenengoz parte hartzen zuen bilbotarrak Markina-Xemeingo norgehiagokan, eta garaipena bere egitea lortu zuen.
Arreta galdu barik ibili zen, baina, lasterketan bilbotarra. Izan ere, atzetik eduki zuen Anartz Mugika soraluzearra. Irabazlearengandik 23 segundora pasatu zen helmuga azpitik Mugika, kros bikain bat egin ondoren. Herri kroseko hirugarren gizonezkoa Koldo Iturraspe lekeitiarra izan zen. Pedro Mari Arriola markina-xemeindarra lepoan zuela sartu zen helmugan lekeitiarra. Segundo bakarreko aldea egon zen bien artean.
Pedro Mari Arriola, gainera, lehenengoa izan zen beteranoen mailan.
Emakume mailan, ostera, Inmakulada Ruiz Teran (00:32:11) gernikarrak eta Michelle Bruneau-k (00:34:01) osatu zuten podiuma.
Beronika Noya markina-xemeindarra 11 segundogatik podiumetik kanpora geratu bazen ere laugarren amaitu zuen, bigarrena geratu zen beteranoen mailan, eta herriko saria ere eraman zuen.
Vencedor, zaharrena
Guztira, 94 korrikalarik eman zuten izena herri krosean, eta 80k amaitu zuten. Ibilbide osoa bukatu zuten horien artean egon zen, aurten, berriz ere, Markina-Xemeinera etorri den Fortunato Vencedor 87 urteko bilbotarra. Ahal izanez gero, datorren urtean berriz ere bertan egongo dela aipatu zuen, animotsu.
Nagusiez gain, ume eta gazteak ere izan ziren XVIII. Atletismo Eguneko protagonistak. Abiadura probak eta erreleboak egin zituzten Zelaiaren inguruan, eta ondoren, Kros Txikia eta Pisu jaurtiketa egin zituzten. Guztira, 120 atleta txiki eta gaztek hartu zuten parte XVIII. Atletismo Egunean.