Asteburuan ere jairik jai
Herriko jai nagusiak ospatzera doaz busturiarrak. Gernika-Lumoko Agarren, Munitibarko Oizen eta Markina-Xemeingo Iturretan ere San Kristobal ospatuko duteJairik jai, sankristobalek hartuko dute asteburuan, San Pedro eta San Martin jaien lekukoa. Domeka...
Herriko jai nagusiak ospatzera doaz busturiarrak. Gernika-Lumoko Agarren, Munitibarko Oizen eta Markina-Xemeingo Iturretan ere San Kristobal ospatuko dute
Jairik jai, sankristobalek hartuko dute asteburuan, San Pedro eta San Martin jaien lekukoa. Domeka da San Kristobal santuaren eguna, hala ere, Busturian eta Gernika-Lumoko Agarre auzoan bihar hasiko dituzte ospakizunak. Markina-Xemeingo Iturreta auzoan eta Munitibarko Oizen, berriz, domekarako egitarauak prestatu dituzte.Jai handiak izaten dira Busturiko San Kristobal auzoan. Txupinagaz batera emango diote bihar hasiera hiru eguneko jaiei. Txupina bota ostean, txistorra jana edukiko dute, eta Tukatukada Batukada taldea ibiliko da kalejiran. Gauez, musika izango da protagonista.
Zapatuan, pintxo txapelketan parte hartu ahalko dute herritarrek. 12:30ean egon beharko du San Kristobaleko plazan parte hartu gura duten horiek. Bakoitzak hiru pintxo aurkeztu beharko ditu, izena eta azalpena jarrita. Hiru sari banatuko dituzte: 75 euro, 50 euro eta 25 euro jasoko dituzte hiru pintxorik gozoenen egileek.
Arratsaldean, txirrindulari lasterketa, danborrada eta txaranga edukiko dituzte aukeran. Kontzertuekin amaituko dute eguna.
Domekan, santuaren egunean, urtero legez, auto apainduen erakusketa egingo dute, Irrintzi Alaik Dantza Taldearen erakustaldiaren ostean. Umeentzako puzgarriak eta txokolate jana egongo dira arratsaldean.
Gernika-Lumoko Agarre auzoan ere ez dute aspertzeko astirik edukiko asteburuan. 18:00etan hasiko dituzte jaiak bihar, txupinagaz. Bertaratutakoek tortilla eta sukalki txapelketak, skate txapelketa, futbito partidak, musika, dantzak eta beste hainbat gauza izango dituzte aukeran barikutik domekara.
Egun bakarreko egitaraua
Munitibarko Oiz mendian eta Markina-Xemeingo Iturreta auzoan, berriz, domekan, San Kristobal egunean bertan ospatuko dute santuaren eguna.
Mendi martxagaz hasiko dute eguna Iturretan, eta beste gauz batzuen artean, txapel jaurtiketaz, umeentzako puzgarriez eta idi probez gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Beti Alai elkartean bazkalduko dute auzotarrek.