Jazzber jaialdiak ikusleen leialtasuna du
Bermeoko Kafe Antzokia bete du hiru egunetan Jazzber jaialdiak. Urteroko ikusleez gain, aurten, gazte gehiago hurbildu direla azaldu dute antolatzaileek, eta «poztekoa» dela esan dute.Jazzber jaialdiak Bermeoko Kafe Antzokia bete du, beste behin ere....
Bermeoko Kafe Antzokia bete du hiru egunetan Jazzber jaialdiak. Urteroko ikusleez gain, aurten, gazte gehiago hurbildu direla azaldu dute antolatzaileek, eta «poztekoa» dela esan dute.
Jazzber jaialdiak Bermeoko Kafe Antzokia bete du, beste behin ere. Hiru eguneko jazz jaialdia da Bermeokoa, eta hiru egunetan antzokia bete dela azaldu du Jizz Jazz kultur elkarteko kide Igor Markaidak.Jazzber jaialdiak urteroko ikusle leialak dituela aipatu du Markaidak, «hutsik egiten ez dutenak». Aurten, berriz, gazte gehiagoren presentzia egon dela nabarmendu dute, eta «aurpegi berriak ikustea eta gazteenak, gainera, poztekoa» dela diote antolatzaileek.
Kontzertuetara bertaratutako ikusleen iruzkinak, orokorrean, baikorrak izan direla azaldu dute, beraz, jaialdiak emandakoagaz «pozik» agertu dira antolatzaileak.
Jazzber jaialdiaren egitura dagoeneko errotuta dagoela uste du Markaidak, «eta ikusleek badakite». Beraz, egitura beragaz jarraitzeko asmoa agertu dute, nahiz eta urtetik urtera jaialdiari «bueltaren bat ematen» saiatzen diren.
Datorren urtera begira, beraz, Getxoko jazzaldira datozen bi talde eta Euskal Herriko proiekturen bat aukeratzen saiatuko direla diote. Bestalde, jam sessionik, aurten, ez bada egon ere, datozen urteetan horrekin jarraitzeko asmoa agertu zuten jaialdiaren aurkezpenean.
Jendearen erantzuna daukan jaialdia dela dio Markaidak: «Jaialdia antolatzeak lana ematen du, eta jendeak ez balu erantzungo, ez luke zentzurik edukiko».