Berrikuntzak dakartza kirol patronatuaren udako ur kirol egitarauak
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuaren udako ur kirol egitaraua berrikuntzekin dator. Ohiko eskaintzez gain, igeriketa terapeutikoa, SUP, erabilera librea materialekin eta trabesiak prestatzeko ikastaro bereziak egongo dira aukeran. Era berean, urteroko...
Azaldu dutenez, «igeriketa terapeutikoak uraren gaitasun terapeutikoagaz baliatuta minak arintzea du helburu». Batez ere, bizkarreko arazoak dauzkatenei eta haurdun dauden emakumeei zuzenduta dago. Astelehenetan izango dira saioak: 10:00etatik 10:40era bitartean eta 19:45etik 20:25era bitartean.
SUP ikastaroa, berriz, 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Bi orduko saioak izango dira, eta Bermeoko portuan batuko dira horretarako. Uztailaren 16an, 23an eta 30ean izango dira ikastaroak, 11:00etatik 13:00etara. Saio horietan parte hartzeko ezinbestekoa da igerian jakitea.
Era berean, material espezifikoekin igeri egin behar duten horientzat, materialen erabilera librea egiteko hainbat ordutegi eskainiko ditu Kirol Patronatuak.
Igeriketa ikastaroak
Uztailean eta abuztuan, berriz, igeriketako trabesiak prestatzeko ikastaro bereziak ere eskainiko dituzte. Ordubeteko saio bi izango dira astean: eguaztenetan eta barikuetan, 19:45etik 20:45era. Saioak Araneko kiroldegiko igerilekuan, Aritzatxu hondartzan eta Bermeoko portuan egingo dituzte.
Ohiko ikastaroak ere ez dira faltako udan. Aquagym-a, esaterako, adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. Saioak 45 minutukoak izango dira, eta goizez egingo dituzte. Aquarunning saioak, aldiz, 40 minutukoak izango dira, eta goizez zein arratsaldez egin ahal izango direla jakinarazi dute.
Astelehenetik barikura, bestalde, umeek igeriketa ikastaro trinkoetan parte hartu ahalko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.