Martin Deuna ospatuko dute Ispaster eta Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo San Martin auzoan egun osoko jaian elkartuko dira domekan. Ispasterren nesken herri kirol saioa izango da San Martin eguneko protagonistaUztailaren 4a da San Martin eguna, baina Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan bilduko dira h...
Markina-Xemeingo San Martin auzoan egun osoko jaian elkartuko dira domekan. Ispasterren nesken herri kirol saioa izango da San Martin eguneko protagonista
Uztailaren 4a da San Martin eguna, baina Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan bilduko dira herritarrak, egun osoko jaian. Ispasterren, berriz, astelehenean ospatuko dute Martin Deunaren jaia.San Martin ermitan meza entzun ostean, ohiturazko aurreskua ikusteko batuko dira ermitaren inguruan markina-xemeindarrak. Horren ostean, Umeen Dantza Solte Txapelketa egingo dute, eta sari potoloak prestatu dituzte.
Euskal Herriko dantza solte txapelketen barruan, aurtengo bosgarrena izango da domekakoa. 2012tik daude txapelketen sare horretan, eta aurten hirugarren aldiz egingo dute umeen txapelketa beste bitan nagusiena egin zuten.
«Zortzi bikotek izena eman dute, eta hor zegoen muga. Maila altuko dantzariak etorriko dira, esate baterako, aurten orain arte lehiatu dituzten lau txapelketetatik hirutan irabazle izan den bikotea egongo da», esan dute San Martin Kofradiako kideek.
Irabazleak 180 euro, txapela eta zapia eskuratuko ditu, bigarrenarentzat 160 euroko diru saria egongo da, eta hirugarrenarentzat 140 eurokoa.
Batzuk mezatan edota dantza erakustaldiekin gozatzen dauden bitartean, beste asko paellak prestatzen ariko dira kuadrilletan elkartuta. Izan ere, 14:00etarako prest izan beharko dituzte, orduan egingo baitute 29. Paella Txapelketaren aurkezpena.
Aurten sari berezi bezain osasuntsuak egongo dira. Nekazari profesionalen Barrenetxe kooperatiban eskutik, barazki sortak jasoko dituzte lehen lau sarituek.
Arratsalderako, adin guztientzako plana prestatu dute. Umeen jolasak eta Irrien Lagunen Irrikula Makula Kriskitin Dzart! ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute txikienek. Ostean, txokolate jana eta 500 euroko diru sariaren zozketa.
Bestalde, Jose Barenda 32. Mus txapelketan eta 29. Briska txapelketan parte hartzeko, bikoteko 12 euro ordaindu behar dira. «Orain dela hilabete batzuk hil zen Barenda. Hura izan zen hemengo mus eta briska txapelketen sustatzaile nagusia. Inguruko herri eta auzoetan ere hura ibiltzen zen txapelketak antolatzen, eta haren omenez antolatu ditugu aurten», zehaztu dute.
Martin Deunaren jaia
Astelehen eguerdian Martin Deunaren baselizan batuko dira ispastertarrak, eta ostean, herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute. Orain dela hiru urte antolatu zuten azkenengoz San Martin egunerako herri kirol erakustaldia, eta aurten modu berezian berreskuratuko dute.
Izan ere, herri gehienetan gertatzen ez den bezala, emakumeak izango dira protagonista bakarrak. Irati Astondoak, Esti Olivaresek, Haizea Iturbek, Susana Maldonadok eta Garazi Arrutik eskainiko dute erakustaldia.
Astondoa eta Iturbe aizkoran ariko dira; Iturbe da guztietan gazteena, 9 urte baino ez ditu. Maldonadok eta Arrutik harrizulatzea eta ingude altxaketa egingo dituzte, eta Astondoa eta Olivares trontzan eta txokor batzean ariko dira. Erakustaldiaren ostean, umeek zenbait herri kirol egiteko aukera izango dutela jakitera eman dute.
Ohiturari eutsiz, arratsaldean, mus eta briska txapelketak lehiatuko ditute, lau erregetara. Briska txapelketarako bikoteko 10 euro ordaindu behar dira, eta muserako, 20 euro bikoteko.