Jazzber jaialdiak musika eskaintza zabala dakar aurten ere Bermeora
Hiru eguneko jaialdia hurrengo eguaztenean hasiko da, ekainaren 29an. Urtero legez, herritarrei ahalik-eta eskaintzarik zabalena ematen saiatu dira antolatzaileakEkainaren 29tik uztailaren 1era izango da Jizz-Jazz taldeak Bermeoko Udalaren laguntzagaz ...
Hiru eguneko jaialdia hurrengo eguaztenean hasiko da, ekainaren 29an. Urtero legez, herritarrei ahalik-eta eskaintzarik zabalena ematen saiatu dira antolatzaileak
Ekainaren 29tik uztailaren 1era izango da Jizz-Jazz taldeak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen Jazzber jaialdia. Busturialdean erreferentea den jaialdia da, jazz jaialdi bakarra baita. Jaialdi horren bitartez, Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatu gura dute, bai eta jazz mundua herrira hurbildu ere.Urtero, ahalik-eta eskaintza zabalena ematen saiatzen direla azaldu du Jizz-Jazz taldeko Igor Markaidak. Hiru kontzertu eskainiko ditu Jazzber jaialdiak, guztiak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean. Jaialdia, gainera, doakoa dela gogorarazi gura izan dute antolatzaileek. Ohikoena izaten da Jazzber jaialdia Jam Session bategaz amaitzea. Aurten, baina, «logistika eta egutegi arazoengandik» ez dela posible izango azaldu du Markaidak.
Ekainaren 29an, eguaztenean, Tomasz Wendt Triok zabalduko du Bermeoko jazzaldia. Tomasz Wendt saxofoi-jotzaileak gidatzen du hirukotea. Aipatu taldeak hainbat sari lortu ditu Europako lehiaketa ospetsuetan, eta emozioz beteriko musika sortzea lortzen dute inprobisatzen dutenean.
Bandak berak sorturiko piezak, jazz standarra eta blues eta rock ezagunen konponketak eskaintzen ditu hirukoteak, bide adierazle berriak etengabe bilatuz.
Night Dreamers barikuan
Eguenean, boskote bat igoko da Kafe Antzokiko agertokira: Wilfried Wilde Quintet. Taldearen errepertorioa Wildfried Wilde gitarrista eta konpositoreak egindako jatorrizko doinuek osatzen dute.
Bere ideia musikalek eragin hauek dituzte: gaur egungo jazza (Brad Mehldau, Kurt Rosenwinkel bezalako musikarien antzera), musika klasikoa (Debussy, Ravel) edo filmetako soinu bandak. Horren emaitza kolorez betetako musika da, jazz inprobisazioa eta kamara musikaren gauzatze zorrotza nahasten dituena, hain zuzen ere.
Jazzber jaialdiko azken kontzertua Night Dreamers boskote euskaldunak eskainiko du, uztailaren 1ean, barikuan. Taldearen errepertorioak abangoardia eta tradizioa uztartzen ditu, baina taldeak berak sortutako moldaketa eta konposizioek artikulatzen dute pertsonalitatez beteriko ikuskizuna. Musikenen sortutako boskote horren partaideek oso ibilbide luzea dute gaur egungo musika agertokian, eta hori gutxi balitz, espainiar musikari ospetsuekin lan egin izan dute.
Jazz musika zaletuak eta musikazaleak orokorrean jaialdira hurbiltzera eta parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek, «musikaz gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera baitago».