Arrano arrantzalea zainduz, han eta hemen
Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzalea berreskuratzeko programa lantzen dute Muxikako Urretxindorra herri eskolako ikasleek. Nazioarteko programen berri ere badaukate, eta lehiaketa batean sariak hartu dituzte.Erresuma Batuko Rutlan Water Nature Re...
Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzalea berreskuratzeko programa lantzen dute Muxikako Urretxindorra herri eskolako ikasleek. Nazioarteko programen berri ere badaukate, eta lehiaketa batean sariak hartu dituzte.
Erresuma Batuko Rutlan Water Nature Reserve-k antolatzen duen lehiaketan sariak hartu dituzte Urretxindorra herri eskolako ikasleek. Gautegiz Arteagako Bird Centerregaz batera, arrano arrantzalea ugaltzeko programan parte hartzen du Urretxindorrak. Era berean, proiektu beretsuak dituzten munduko beste eskola batzuekin harremanetan daude; tartean, Erresuma Batuko eskola bategaz.Haien bitartez eduki zuten Rutland Water Nature Reserve egoitzak antolatutako lehiaketaren berri, eta parte hartu zuten. Lau kategoriatan banatu zituzten lanak, eta muxikarrek lauretan parte hartu zuten: arrano arrantzalearen marrazkia, arrano arrantzaleari buruzko istorio laburra, arrano arrantzaleari buruzko olerkia eta arrano arrantzaleari buruzko artikulu zientifikoa ziren, hain zuzen, lehiaketako lau arloak.
Urretxindorrakoek 1. eta 2. sariak hartu dituzte artikulu zientifikoen atalean. Eskola arduradunek esan dutenez, «ari garrantzitsuak dira, kontuan hartuta atzerriko hizkuntza batean landutako lanak direla».
Istorio laburren atalean 3. saria hartu dute. Eta aipamen berezia izan dute aurkeztutako marrazki batek eta olerki batek.
Programak garatzen
Hamar urte daramatza Urretxindorra herri eskolak hegazti proiektua lantzen. Ikasturte guztietan, txorien behaketa egiten dute azarotik martxora bitartean. Gainera, txorientzako janlekuak ere badituzte eskolan, eta janleku horietako datuak eta kopuruak batu eta Gautegiz Arteagako Bird Centerrera bidaltzen dituzte.
Era berean, hegaztien migrazioa ardatz hartuta, hainbat jarduera burutzen dituzte, eta azken lau urteetan landu dute Urdaibai Bird Centerrek martxan duen arrano arrantzalea berreskuratzeko programa; eta, horri esker, Espainiako, Ganbiako, AEBetako, Erresuma Batuko eta Italiako eskolekin harremanetan daude Urretxindorrakoak.