14.500 euro jaso dituzte Maialen Aulestiaren alde egindako jaialdi solidarioan
Antolatzaileek iragarri dutenez, batutako diru kopurua gehiago ere izan daiteke. Antolatzaileak pozik agertu dira emaitzagaz. Dirua Aulestiaren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko izango daElkartasun uholde ikaragarria eragin du Maialen Aulestia umearen...
Antolatzaileek iragarri dutenez, batutako diru kopurua gehiago ere izan daiteke. Antolatzaileak pozik agertu dira emaitzagaz. Dirua Aulestiaren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko izango da
Elkartasun uholde ikaragarria eragin du Maialen Aulestia umearen aldeko egunak Lekeition. Amaia Zabala Aulestiaren amaren lagunak piztu zuen elkartasunaren argia herrian, eta uholde horren adierazpenik esanguratsuena egin diren hainbat ekimen solidarioetan jaso den diru kopura izan da; haurraren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko 14.500 euro inguru batu dituzte.Zabala pozez gainezka agertu zen zapatuan, eta herritarren aldetik jasotako erantzuna ederra izan zela azpimarratu zuen. «Hasieran, 3.000 eurora ailegatzea zen gure asmoa, eta gero, gauzak bide onetik zihoazela ikusita, erronka 6.000 euroan ipini genuen, eta hori ere, herritarren eskuzabaltasunari esker, erraz gainditzea lortu dugu. Kausa honetan lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu».
Zabalak nabarmendu duenez, 14.500 euro baino gehiago batuta ahal izan dituzte. «Hainbat talderen datuak falta zaizkigu, eta kopuru hori gutxi gorabeherakoa da. Zenbaketa osoa egiten dugunean, datu zehatza iragarriko dugu».
Maialenen aldeko eguna amaituta, pozez gainezka agertu zen Zabala. «Dena oso ondo joan da, eta egin ditugun ekimenetan jende askok parte hartu du».
Mahonezko zapia lepoan
Elkartasun eguneko antolatzaileek egindako eskariari erantzunda, mahonezko zapia lepoan ipinita irten zuten kalera lekeitiarrek. Izan ere, marinel zapia elkartasunaren ikur bihurtu zen, eta edozein jaietan legez, hainbat ekintza egin ziren, guztiak ere, solidarioak.
Goizean, esaterako, aringa-aringa solidarioa egin zuten hainbat herritarrek. 2 urtetik 16 urtera bitarteko 161 parte hartzailek eman zuten izena lasterketa solidarioan, eta horren ostean, pankartaren atzetik, herrian zehar aringa-aringa ibili ziren herritarrak.
Lekeitioko eskulan tailerrekoek, ostera, eskulanen salmenta eta ehoziri lanen erakustaldia egin zuten Eskolapean. Eskumuturrekoak, paparrekoak, malgu hegaldun kapelak, zintzilikariak, belarritakoak… erosteko aukera egon zen.
Begoña Oiarbide tailerreko irakaslea pozik agertu zen egin zituzten salmentekin. «Dena ondo saltzen ari da, pozarren gaude. Hemen salgai ipini ditugunak bakarrak eta bereziak direnez, arrakasta edukitzen ari dira».
Eguerdian, gainera, Mertxe Marante eskulan tailerreko kideak egindako xala zozkatu zuten. Oparia herriko neskato talde bati egokitu zitzaion. Noa, Irati, Enara, Malen, Uxue eta Izarok Santa Agedan batutako dirua xala erosteko zozketan parte hartzeko zenbakiak erosteko erabili nahi izan zuten. Nahiz eta Maialen ezagutu ez, hari laguntzea adostu zuten, eta xala egokituz gero, haren amari oparitzea bururatu zitzaien. Zortea aldeko eduki zuten, eta xala Ainhoa Alzaa Aulestiaren amari oparitu ahal izan zioten.
Futbol partida solidarioa
Alzaa pozarren hurreratu zen Eskolapera xala nesken eskutik jasotzera. «Gaztetxo hauek egin dutena polita eta hunkigarria iruditzen zait», azaldu zuen. Era berean, egun solidarioa ere familiarentzako «ezusteko handia» izan zela aipatu zuen. «Hau dena itzela iruditzen zait, izugarria. Orain momentuan sentitzen dudana ezin dezaket berbekin azaldu ere egin. Guretzat ezusteko handia izan da, inoiz ahaztuko ez duguna».
Aulestiaren aldeko elkartasun olatuagaz jarraituta, gaur, 19:15ean, Athleticeko eta Eibarko nesken futbol partida jokatuko da Larrotegi futbol zelaian. Partida amaieran, zozketa berezia egingo dute.