Ana Tere Bengoetxea eta erraldoiak gonbidatu dituzte Txistu Alardera
60 musikari eta dantzari inguruk parte hartuko dute zapatuan, Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatutako 15. alardean. Saioa 20:00etan hasiko da, Artza frontoianBeste urte batez, Txistu Alardeak musikagaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du zapa...
60 musikari eta dantzari inguruk parte hartuko dute zapatuan, Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatutako 15. alardean. Saioa 20:00etan hasiko da, Artza frontoian
Beste urte batez, Txistu Alardeak musikagaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du zapatuan, 20:00etatik aurrera, Bermeoko Artza frontoian. Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatzen duen Txistu Alardearen hamabosgarren aldia da, eta 60 musikari eta dantzari ingururuk parte hartuko dute. Aurtengo gonbidatua Ana Tere Bengoetxea abeslari bermeotarra izango da. Euskal Herrian ezaguna da Bengoetxea, marrazki bizidunei ahotsa jartzeagatik.Alarde formatuan, Bengoetxearen hiru obra sartu dituzte errepertorioan: Oskorrian ene zeruan, Que tinguem sort eta Txosnetako kanta. Inma Anasagastik pianoan lagunduko dio Bengoetxeari.
Aurtengo Txistu Alardean, gainera, Bermeoko Erraldoien Konpartsak ere parte hartuko du; izan ere, aurten, Mari, Lorentzo, Josefin eta Anton erraldoiek 10 urte betetzen dituzte.
Urtero legez, hainbat taldek parte hartuko dute zapatuko Txistu Alardean: Udalaren Musika Eskolako txistulariak, koruak eta musikariak, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta Kankinkabara txistu taldea, Metal boskotea, txalapartariak eta irrintzilariak. Musikariez gain, dantzariek ere parte hartuko dute; Alkartasuna Dantza Taldeko eta Javier Setienen dantza eskolako dantzariak egongo dira.
Estreinaldi ugari
Urtero berritasunak sartzen saiatzen dira Txistu Alardeko errepertorioan, eta aurten ere egongo direla azaldu du Iban Ibarretxe alardearen zuzendariak. Hala, Kankinkabara txistu taldeko Jon Ibarrak Bermeoko Arraun Elkarteari egindako Aupa Bermeo Arraun biribilketaz gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Melodiak hitza ere badu, eta hori lehen aldiz abestuko dute musika eskolako koruko kantariek. Beste alde batetik, Kankinkabara txistu taldeko Asier Ormazak popourri bat eskainiko du, albokagaz eta txalapartagaz lagunduta. Ibarretxek azaldutakoaren arabera, «arrantzaleei omenaldi bat egin gura die Ormazak popourri horren bitartez».
Urtero, gainera, Bermeoko kantu zaharrak sartzen saiatzen dira, eta aurten ere ez dira faltako. Pasadizo bitxiak kontatzen dituzten bi obra berezi joko dituzte aurtengo Txistu Alardean: La Pobre Juanita eta Las mozas de Bermeo. Obra horiek Olatz Telletxea musika eskolako ikasle bermeotarrak abestuko dituela azaldu du Musika Eskolako zuzendari Esti Arrizabalagak.
Jose Francoren bi abesti ere joko dituzte zapatuan. La oracion en el mar abestiagaz hasiko dute, hain zuzen ere, aurtengo Txistu Alardea. Tartean, testu bat irakurriko du Kankinkabara txistu taldeko Miren Aizpuruk: «Frantzian euskaraz idatzita agertu diren testuen aukeraketa bat da irakurriko duena. Hunkigarria izango da», adierazi dute antolatzaileek. Saxofoiagaz lagunduta, ostera, Francoren Camino de Rosas abestia ere joko dute.
Jose Antonio Egiak ere lekua edukiko du alardean. Haren tango bat txistu formatura moldatu dute zapatuko ikuskizunerako.
Arrizabalagak azaldu duenez, jaialdiaren helburuetako bat da herriko kantak berreskuratzea, erakustea eta plazaratzea da. «Hau da, galtzear dagoen herriko ondare musikala berreskuratzea».
Jakinarazi dutenez, «ilusio eta gogo handiz buru-belarri jarrita» prestatu du musika eskolak zapatuan taularatuko den herri doinuekin osatutako egitaraua. Kultura landuz eta zabalduz, herritar guztiak horren «parte eta jabe izatea» lortu gura dute, eta horretan dihardute musika eskolan.