Jendetsuak izan dira Kamiñazpiko jaiak
Urteroko hitzorduei ez diete hutsik egin ondarrutarrek: playback lehiaketa, pala eta mus txapelketa, paella jan eta kontzertuen inguruan bildu dira ume, gazte zein helduak barikutik domekara bitartean.Kamiñazpiko parkean elkartu dira asteburuan ondarr...
Urteroko hitzorduei ez diete hutsik egin ondarrutarrek: playback lehiaketa, pala eta mus txapelketa, paella jan eta kontzertuen inguruan bildu dira ume, gazte zein helduak barikutik domekara bitartean.
Kamiñazpiko parkean elkartu dira asteburuan ondarrutarrak. Jaietako txupina barikuan bota zuten, eta ordundik domekako lehen orduetara arte, giro ezinhobea egon da auzoan.Urteroko hitzorduek jendetza bildu dute: Playback lehiaketak bederatzi talde eta bakarlari bat igo zituen agertokira bariku gauean; ondo landuriko koreografiak eskaini zituzten gazteek; azkenean, epaileen erabakiz, Lorituk taldea izan zen playback onenaren saria jaso zuena hirugarren urtea da sari hori irabazi dutena eta Eskandalosak kuadrillarentzat izan zen koreografia onenarena.
Ohi legez, Txo! antzerki kolektiboko Ion Iñaki Artetxek eta Aitor Artetxek ikus-entzuleen arreta bereganatu zuten; youtuber eta moja mozorroturik, azken urteetan teknologia berriek eman duten jauzia antzeztu zuten. Eta Tramana & Brix antzerki taldekoek gorputzak astintzera animatu zituzten karpa betetzen zutenak, Beyonce-ren doinuekin. Drindots taldearen kontzertuagaz amaitu ziren barikuko jarduerak.
Unanue musika eskolako ikasleek kontzertu ederrak eskaini zituzten playback-aren aurretik, eta zapatu eguerdian, jai eremua alaitu zuten eskolako trikitilari taldekoek.
Lehia handia palaz
Pala txapelketa ekarri zuen zapatuak. Ohi legez, hamasei bikote aritu ziren; partidu lehiatuak jokatu ostean, Ibai-Aitor eta Mikel-Igor izan ziren finalistak: 22-16 irabazi zuten lehenengoek.
Parkean paella prestatzen hasita zeuden finala jokatu orduko. Aitor Mendiluze eta Asier Azpiroz bertsolariek girotu zuten bazkalaurrea eta bazkalostea.
Mus txapelketa, puzgarriak… zapatua ekimenez bete eta jendearen parte hartzeagaz joan zen. Ekitaldi bat geratu zen egin barik: umeentzako zinema saioa.
Urtero egin moduan, hainbat sari zozkatu zituzten Jai Batzordekoek. Ondokoak dira zenbaki irabazleak eta ordezkoak: Sutargin afaria: 1746 (ordezkoa, 0652), kafetera bat 2969 (1189), mikrouhin labe bat 1705 (1304) eta upelak hozteko gailua 2856.
Asmo Txarrak, Gozategi eta Itzalak! taldeen kontzertuek txiki laga zuten karpa. Luze joan zen gaua, eta «euririk barik».