Ibarrangeluko VII. mendi martxa egingo dute, domekan
Auzoz auzo ibilaldia egiteko batuko dira ibarrangelutarrak domekan, Ibarrangeluko VII. mendi martxan. Urtero moduan, bi martxa egiteko aukera edukiko dute: martxa luzea eta martxa laburra.Ibilaldi luzeenak 22 kilometro ditu, eta laburrenak, berriz, 8. ...
Ibilaldi luzeenak 22 kilometro ditu, eta laburrenak, berriz, 8. Biak ala biak leku berean hasi eta amaituko dira, Elexalde auzoan, hain zuzen.
Martxa luzeko partaideak 08:00etan irtengo dira, eta laburra egitera doazenek 10:00etan dute irteera ordua.
Elexalde auzoan hasita, Armendu (384m) eta Atxarre (312m) mendietara igoko dira, eta Garteiz, Arketa, Antzora, Akorda auzoetatik barrena egingo dute ibilaldia.
Zehatz esateko, honako ibilbidea egingo dute: Elexalde, Ibaeta, Agirre, Gorozika, Iruskieta, Armendu, Iruskieta, Garteiz, Dantzaleku, Atxarre, Arketa, Laida, Mortxa, Andikone, Antzora, Azalene hondartza, Apua, Izatza, Akorda, Arroiz, Laga, bide berdea, Lastarria, Ipintxe, Elantxobeko hilerria, Ibinaga, Txakoli eta Elexalde.
Martxetan parte hartzeko asmoa dutenek Ibarrangeluko Kultur Etxean dute izena emateko aukera arratsaldez dago zabalik, 17:00etatik aurrera.
Halaber, domekan bertan martxak hasi baino ordu erdi lehenago izena eman ahalko da. Izena ematerakoan, partaideek 12 euro ordaindu behar dituzte.
Pilota partidak, zapatuan
Bestalde, Gorpuzti jaien azken asteburu honetan, pilota eta pala partidez gozatzeko aukera edukiko dute Ibaeta auzoko frontoian.
Zapatuan, 17:00etatik aurrera, esku pilota eta pala partidak jokatuko dituzte Ibarrangeluko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz Arteagako umeek.
Ondoren, 19:30ean hasita, lehen mailako afizionatuen txanda izango da. Mikel Goñi eta Uriondo bikotea Uriona eta Larrinagaren kontra ariko dira nor baino nor gehiago.