Goitisolo eta Goitia Munduko Duatloi Txapelketan ariko dira
Joanes Goitisolo eta Javier Goitia gernikarrek Munduko Duatloi Txapelketan parte hartuko dute asteburuan. Estreinako ariko dira proba horretan, eta biak ala biak esperientzia berria probatzeko «gogotsu» daude.Goitisolok mendiko lasterketetan eskarmen...
Goitisolok mendiko lasterketetan eskarmentua dauka, ez hainbeste bizikletan: «Bizikletan ez nago oso ohituta, baina esperientzia berriak probatzeko beti nago prest, eta presio barik gozatzera joango naiz».
Goitia, berriz, 23 urtez azpikoetan Duatloi Kros kategoriako iazko txapelduna da, eta, beraz, esperientzia handiagoa dauka nazioarteko probetan. «Probaren ezaugarriak ikusita, lasterketa oso on bat egin ahal duela uste dut», zehaztu du Goitisolok.
Zapatuan eta domekan Avilesen (Asturias, Espainia) lehiatuko dute proba. Munduko 36 herrialdeko atletak elkartuko dira.
Goitisolok eta Goitiak 24 urtez azpiko lasterketa lehiatuko dute domekan, esprint modalitatean. Proba hasteko 5 kilometro korrika egingo dituzte, ondoren, bizikletara igota 20 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta amaitzeko, 2,5 kilometro egingo dituzte arineketan. Goitisolok azaldu duenez, ibilbidea nahiko laua da, aldats gutxikoa.
Emakumezko zein gizonezkoen kategoria hauek lehiatuko dituzte: 24 urtez azpikoa, elite, master, junior, kadete eta paraolinpikoa. Gizonezko eta emakumezko elite mailako atleten lehia zapatuan izango da, eta gainontzekoak, domekan.