LABek prekarietatea salatzeko ekintzak egingo ditu egunotan
Prekarietatearen aurkako dinamikagaz jarraituz, prekarietatea salatzeko hainbat ekintza egingo ditu LAB sindikatuak Lea-Artibai, Busturialdean eta Debaldean, gaur eta bihar, Langileok bideak batuz, Euskal Herria prekarietatearen kontra lelopean.Prekari...
Prekarietatea zabaltzen duten erakundeetan eta enpresetan euren salaketa plazaratzeko asmoa agertu dute sindikatuetako ordezkariek. «Herritarren lan baldintza duinak eskuratzea izango dira gure borrokaren ardatz».
Gaur, 09:30ean hasita, auto karabana batek Lea-Artibai zeharkatuko du. Ekimenak Gizaburuagako Okamika industrialdetik irtengo du, eta Berriatuko Cikautxo enpresaren aurrean amaituko da. 11:30ean, Cikautxoren aurrean agerraldia egingo dute, Langileok bideak batuz, Cikautxoko azpikontratetan prekarietatea borrokatu lelopean.
19:30ean hasita, berriz, elkarretaratzeak egingo dira Lekeitioko Eskolapean eta Ondarroako Alde Zaharrean. Bermeon, aldiz, hitzaldia egingo dute ordu berean, Kabidxe gune sozialean. Kabidxeko taldeek, Askapenak eta LABek antolatuta, TTIPari buruzko gaia landuko dute, TTIP ez berbaldian.
Bihar, 12:00etan, aldiz, Debaldeko eskualdeko mobilazioa egingo da Bergaran, LABeko egoitza paretik hasita. 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute, Bermeoko Artzako biribilgunean.
Pentsio «duinen» alde
Bestalde, gaur, 19:00etatik aurrera, Mutrikuko Zabiel kultur etxean, Gutxieneko pentsioa, 1.080 euro hitzaldia egingo da, Duintasuna Elkarteak antolatuta. Solasaldia Arrate Uranga Mutrikuko zinegotzi ohiak gidatuko du, eta Maria Serrano Mitxelena Duintasuna Elkarteko pentsioduna eta gai soziletan aditua eta Unai Urruzno EH Bilduko legebiltzarkidea ariko dira bertan berbetan.
Erakundeei pentsio duinak eskatzeko, gainera, sinadura bilketa egingo du elkarteak asteburuan. «Mutrikun ere prekarietateak bere aurpegi iluna erakusten du egunerokoan. Historikoki lehen sektoreari loturiko herriak izanik, datu txarrak areagotu egin zaizkigu. Gipuzkoan, pentsiodunen herena, egoera larrian bizi da, eta Mutrikun, erdia baino gehiago dira prekarietate bizian bizi direnak; hileko 200- 600 euroko pentsioa jasotzen dutenak».