Andreak ere autobus gidari
Bermeon eta Busturialdean, autobus bat gidatzen lehen emakumea izan zen Tuñez Sanchez konpainiako Mari Sanchez; gaur egun, harro begiratzen dio iraganari.Tuñez Sanchez autobusak gidatzen ikusi izan dute Busturialdeko herritarrek Maria Antonia Sanchez...
Bermeon eta Busturialdean, autobus bat gidatzen lehen emakumea izan zen Tuñez Sanchez konpainiako Mari Sanchez; gaur egun, harro begiratzen dio iraganari.
Tuñez Sanchez autobusak gidatzen ikusi izan dute Busturialdeko herritarrek Maria Antonia Sanchez, Mari. Gaztetan hartu zuen autobusak gidatzeko ardura, eta erretiratuta dagoen arren, garai haiek zoriontasunez gogoratzen ditu. Autobusak gidatzen lehenengo emakumea izan zen Bermeon, Busturialdean eta inguruetan ere.28 urterekin 1976. urtean atera zuen gida baimena; taxiak gidatzeko lehenengo, eta kamioarena gero. «Autobusak gidatzeko derrigorrezkoa zen kamioiak gidatzen esperientzia izatea», azaldu du Marik. «Nire gizona zenak taxia zuen, eta haregaz lanean hasi nintzen lehenengo. Senar ohiaren ilusioa zen autobus bat gidatzea, eta Afrikara joan zen. Ni taxiagaz geratu nintzen Bermeon, eta ez zitzaidan lanik falta», dio.
Senar ohia bueltatzean autobus bat erosteko sarrera eman zuten. «Ostean, bi autobus zituen enpresa bat erosi genuen. Bilbon zegoen enpresa, eta Bermeora ekarri genuen», gogoratu du.
Hala sortu zuten gaur egun Tuñez Sanchez autobus konpainia dena.
Emakumeen erreferente
Enpresa sortu zutenetik autobusekin bidaiak egiten ibili da Mari: «Portugal era Belgikaraino ere ailegatu naiz autobus batekin». Lankideek ere ondo hartu zutela dio, eta horregatik eskertuta dago. «Horietako batek behin esan zidan nagusiaren emaztea barik lankide bat nintzela berarentzat, eta hori bihotzeraino heldu zitzaidan». Bidaiariek hasiera batean «arraro xamar» begiratzen ziotela gogoan dauka. «Hala eta ere, bidaia egin ostean, zoriondu egiten ninduten».
Emakume askorentzat erreferentea izan da Mari Sanchez; hori dela eta, ardura handia izan duela aitortu du autobus gidari izandakoak. «Nire lana ondo egin behar nuen, ezin nuen hutsik egin. Nire hutsak ondoren etor zitezkeen emakumeengan ere eragina izan zezaketelako».
Mari Sanchezen atzetik izan dira emakumezkoak autobusak gidatzen, bere alaba, kasurako. Gaur egun bere badira, eta horietako bat da bere erraina, familiako enpresan ari dena.
Atzera begira, iraganagaz harro dago Mari Sanchez, eta pozik dago: «Ez nuke esango autobusak gidatzea gizonezkoen lana denik».