Iparraren eta Hegoaren arteko senidetasun jaia giro bikainean ospatu dute
30 bat postu egon dira azokan, gehienak Iparraldekoak. Gisatu Txapelketan 25 kuadrillak parte hartu dute. Epaimahaiak azken urteotako mailarik baxuena egon dela nabarmendu duIparraldeko Haizeak jaiak giro ederra ekarri zuen zapatuan, Lekeitiora. Goizet...
30 bat postu egon dira azokan, gehienak Iparraldekoak. Gisatu Txapelketan 25 kuadrillak parte hartu dute. Epaimahaiak azken urteotako mailarik baxuena egon dela nabarmendu du
Iparraldeko Haizeak jaiak giro ederra ekarri zuen zapatuan, Lekeitiora. Goizetik hasi zen mugimendua tabernen inguruan eta Eskolapean.11:00etan zabaldu zituzten Independentzia Plazako postuak. 30 bat postu egon ziren azokan, gehienak Iparraldetik etorritako ekoizleenak. Hala, ahate produktu ugari eskuratzeko aukera izan zuten azokara joan zirenek. Landare, artisautza eta jantzien postuak ere egon ziren, eta zelan ez, jan edanari lotutako ugari: txerrikiak, taloak, gazta, trufa…
Elkartasunik ere ez zen falta izan. Lekeitioko Janarien Bankurako janaria erosteko era guztietako produktuak eduki zituzten salgai euro batean: jolas, liburu eta poltsak, esaterako.
Beti Gazte irabazle
Batzuk azokan egon ziren bitartean, beste asko gisatu prestaketan egon ziren. 25 kuadrillak eman zuten izena Gisatu Txapelketan, baina, azkenean, 24 kazola aurkeztu zituzten. Tabernen inguruetan ipini zituzten beraien txokoak kuadrillek, eta ez zuten ezer falta izan, eguzkitakorik ere ez.
13:30ean gisatu guztiak limoiondoen beheko partean jarritako mahaietara eraman zituzten, eta orduan hasi zen epaimahaiaren lana. Miguel Angel Madarieta eta Joseba Izagirre Leioako sukaldari eskolako irakasleak eta Mertxe Arrizubieta zinegotziak probatu zituzten sukalkiak, Aittitta Txikiko kideek lagunduta. Gustuari, gatz puntuari eta itxurari eman zizkieten puntuak, eta azken urteetako mailarik baxuena egon zela iruditu zitzaien. «Kolore gutxi, gustu gutxi eta ur asko izan dute aurtengo gisatuek».
Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, irabazlea Beti Gazte kuadrilla izan zen, 57 puntugaz, eta Aittitta Makurra Elkarteak eta Aittitta Makurra Txarangak eraman zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrrenez hurren. Limoi Horia saria, bestalde, Willows Desafioarentzat izan zen.