Busturialdeko odol emaile beteranoei omenaldia egingo diete, Kultur Etxean
Odol emaileen batzar nagusia egingo dute gaur, Gernika-Lumon eta hainbeste urtez odola eskuzabaltasun osoz emanagatik, omenaldia egingo diete eskualdeko 67 emaile beteranoeiGernika-Lumoko odol emaileen elkarteak batzar nagusia eta odol emaile beteranoa...
Odol emaileen batzar nagusia egingo dute gaur, Gernika-Lumon eta hainbeste urtez odola eskuzabaltasun osoz emanagatik, omenaldia egingo diete eskualdeko 67 emaile beteranoei
Gernika-Lumoko odol emaileen elkarteak batzar nagusia eta odol emaile beteranoak omentzeko ekitaldia egiteko deialdia egin du gaur, 19:30ean, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.Odol emaile beteranoak 20-25 alditan odola eman duten pertsonak dira. Kontuan izanda urtean emakume batek urtean hiru aldiz eta gizon batek lau aldiz eman dezakeela, asko jota, gutxienez sei urte behar izan dituzte beteranoak izateko. «Omenaldia egingo diegu, urteetan isilean eta hain eskuzabal egindakoa jendaurrean eskertzeko; hau laguntza handia da gaixorik dauden hainbat pertsonentzat», azaldu dute Odolkideak elkartekoek.
Guztira, eskualdeko 67 odol emaile omenduko dituzte. 50 Gernika-Lumokoak dira, eta Ajangiz, Busturia, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Nabarniz eta Muxikako herrietako odol emaile beteranoak ere badaude. Haiekin batera, udaletako alkate eta ordezkariak ere bertan izango dira. Emaile horietatik 21 emakumeak izan dira eta 46, aldiz, gizonezkoak.
Gernika-Lumora etortzen den autobusera odola ematera joandakoak dira. Autobus hori Hiribilduko Foru Plazan egoten da hileko lehen eta bigarren astelehenetan eta zenbait zapatutan, eta lantegietara ere joaten da.
Dosanbiz-Bizkaiko odol emaileen elkarteburu Alvaro Larrea ere egongo da omenaldian, eta batzar nagusian. 19:15ean deitu dituzte omenduak eta ordezkariak, talde argazkia atera eta diplomak emateko.