Berbalagunek aukera emango du udan ere euskaraz egiteko
2015-2016 ikasturtea ekainaren hasieran amaituko badute ere, udan ere harremana mantendu gura dute Bermeoko Berbalagunek. Hala, udarako taldea ere sortzeko asmoa agertu dute.Marimar Hernandez Berbagalaguneko dinamizatzaileak azaldutakoaren arabera, «i...
Marimar Hernandez Berbagalaguneko dinamizatzaileak azaldutakoaren arabera, «ikasturtean astirik eduki ez duten eta udan lasaiago dabiltzan horientzako taldea ere izan daiteke». Udako taldean parte hartu gura dutenek ekainaren 13a izango dute izena emateko azkenengo eguna.
Lehenengo hitzordua uztailaren 7an jarri dute, 20:30ean. Lameran batuko direla azaldu dute, Kasino aurrean. Hala ere, taldea autonomoa izango dela azaldu dute; beraz, eguna eta ordua aldatzeko aukera ere egongo da: «Lehenengo egun horretan adostuko da, baina ezinbestekoa da izena aurretiaz ematea», esan du Hernandezek. Beharrezkoa baldin bada, gainera, talde bat baino gehiago sortzeko aukera ere egongo dela jakinarazi dute.
Mundakara oinez
Era berean, eguraldi onagaz batera, eguenetan, Mundakara oinez joaten hasi direla azaldu du Berbalaguneko dinamizatzaileak. 10:30ean batzen dira Bermeoko tren geltokian. Euria egiten duenetan, trenez joango direla dio, eta 11:00etan Mundakako kiroldegian jartzen dute berriro hitzordua. «Oinez zein trenez joanez gero, ordubeteko paseoa ematen dugu Mundakatik, eta 12:30erako bueltan egoten gara Bermeon», zehaztu du. Hala, herritarrak animatu ditu parte hartzera.