Kresala Eguna kultur elkartearen 50. urtemuga berotzen hasiko da etzi
Herritar guztiak eurekin batera dantzan egin eta gozatzera gonbidatu dituzte. Aurten, aspaldiko partez, bandako kide izandakoak ere gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzeraAurtengo Kresala Egunak kutsu berezia dakarrela nabarmendu dute Kresala Kultur...
Herritar guztiak eurekin batera dantzan egin eta gozatzera gonbidatu dituzte. Aurten, aspaldiko partez, bandako kide izandakoak ere gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzera
Aurtengo Kresala Egunak kutsu berezia dakarrela nabarmendu dute Kresala Kultur Elkarteko arduradunek. Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta urteurren jaialdia udazkenean egingo badute ere, etziko Kresala Eguna udazkenera begira motorrak berotzen hasteko aukera aproposa dela diote.Kresala Kultur Elkarteko kideek guztia prest daukate etzira begira, eta beste urte batez, herritar guztiak eurekin batera dantzan egin eta gozatzera gonbidatu dituzte. Aurten, gainera, dantzariak eta trikitilariak batzeaz gain, bandako hainbat kide ere batzeko itxaropena daukate. «Garai batean bandan ibilitako jendea eta orain dabiltzanak batu nahi ditugu guretzat berezia den egun honetan». Kalejira berezia prestatu aldera, entsegu berezia egingo dute bihar, 19:30ean, Unanue Udal Musika Eskolan.
Dantzak tartekatzen
Egitarauari dagokionez, jaiari hasiera elkartearen egoitzaren (Artabide 23) aurrean emango diote, 13:00etan. Ohitura bilakatu den modura, elkarteko presidenteak ikurrina igoko du balkoian, eta han batutako dantzariek agurra egin eta gero, jaia ofizialki hasiko da.
Ostean, bandako kideek, txistulariek, trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, dantzariak alde zaharrerantz kalejiran joango dira, eta kalerik kale, ohiko hainbat dantza tartekatzen joango dira; Banakoa, Binakoa, Launakoa, Zortzikoa, Makil dantza…
Betiko legez, eguerdiko azken dantza saioa Itsasaurre Plazan egingo dute, eta, ostean, Antiguako Ama Elkartean batuko dira denak bazkaritan, 15:00etan. Bertan parte hartu nahi dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, Kresala Kultur Elkarteko batengana joanda edo 635 722 999 telefono zenbakira deituta.
Ederto bazkaldu eta indarrak hartu ostean, 18:30ean jaiari ekingo diote berriro. Kultur elkarteko egoitza aurretik irtenda, Iparraldeko dantzak egingo dituzte, kalerik kale, eta egunari amaiera emateko, Larrain dantza egingo dute, Musika Plazan.
Aurten ere, plazan batzen diren guztiak dantzan ipini nahi dituzte elkarteko kideek. «Nahi duten herritarrak datozela guregaz batera dantzan egitera».
Argazki zaharrak
Bestalde, urteurren berezia antolatu aldera, elkarteak argazki zaharrak batzen jarraitzen du. Elkarteak urteurrenaren harira liburu berezi bat argitaratu nahi du, eta norbaitek oraindik argazkirik ekarri ez badu, oraindik ere horretarako aukera edukiko du Kresalakoekin kontaktuan jarrita.