Gimnastikalariak finalean daude
Markina-Xemeingo gimnastika erritmiko taldeko benjaminen eta alebinen talde banak eskolarteko finala lehiatuko dute zapatuan, Santurtziko kiroldegianMarkina-Xemeingo gimnastikalariak denboraldi bikaina burutzen ari dira aurten. Eibarko Ipurua taldeko M...
Markina-Xemeingo gimnastika erritmiko taldeko benjaminen eta alebinen talde banak eskolarteko finala lehiatuko dute zapatuan, Santurtziko kiroldegian
Markina-Xemeingo gimnastikalariak denboraldi bikaina burutzen ari dira aurten. Eibarko Ipurua taldeko Miriam Merino irakaslearen gidaritzapean, bi taldek eskolarteko gimnastika erritmikoko finaletarako sailkatzea lortu dute.Otsailean hasi zuten denboraldia eskolartean lehiatzen duten sei taldeek. Benjamin eta alebin mailetan, bi talde, txikien mailako bat eta kadete mailako beste bat daude Markina-Xemeinen, eta alebin mailako talde bat eta benjamin mailako beste bat egongo dira zapatu honetan, Santurtzin lehiatuko diren finaletan.
Beste talde guztiek kontsolazio finalak izango dituzte. Joan den zapatuan lehiatu zuten Bermeon lehena, eta, domekan, beste bat edukiko dute.
Erakustaldia ekainean
Bizkai osoan gimnastika erritmikoko 219 talde daude eskolarteko lehian parte hartzen: benjaminen taldeak 79, alebinenak 66, txikienak 41 eta kadete mailakoak 33. Maila handia eta talde asko dira, eta, beraz, Markina-Xemeingo taldea «oso pozik» dago lortutako emaitzagaz. «Bi fase izaten dira, eta biak kontuan hartuta, bataz besteko bat ateratzen dute. Hor lortutako puntuen arabera, hirugarren fasera igarotzen dira, eta sailkatzen direnak finalera doaz», azaldu dute arduradunek.
Markina-Xemeingo taldea sortu zenetik garapen handia izan dute gimnastikalariek, eta azken urteetan egindako lanaren fruituak emaitza onetan islatu dira.
Finalean dagoen benjaminen taldea lehenengo geratu zen lehen fasean, eta alebinek 2. postua eskuratu zuten bigarren faseko kanporaketan. Zapatuko hitzordu garrantzitsuari ahal den hobetoen erantzuteko ilusiorik, gogorik eta ahaleginik ez zaie faltako.
Kontsolazio finalak dituztenek ere, mailarik onena eskaintzea espero dute, eta datorren urteko lehiari indar berriekin kolpeko diote.
Eskolartean lehiatzen ari diren gimnastikalariez gain, gimnastika erritmikoko lehen pausoak ematen ari dira txikiagoak ere. Guztiak ikusteko aukera egongo da ekainaren 12an herriko frontoi nagusian egingo duten ikasturte amaierako erakustaldian.