Hemingwayk Busturialdeagaz eduki zuen lotura ezagutu dute
'National Geographic Traveller' aldizkariko bi kazetari txinatarrek Nobel Sari estatubatuarrak bisitatu zituen lekurik esanguratsuenei buruz idatziko duteErnest Hemingway idazlearen bidea jarraitzen ari dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzak, Hemingwayk egi...
‘National Geographic Traveller’ aldizkariko bi kazetari txinatarrek Nobel Sari estatubatuarrak bisitatu zituen lekurik esanguratsuenei buruz idatziko dute
Ernest Hemingway idazlearen bidea jarraitzen ari dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzak, Hemingwayk egindako bisitak aitzakiatzat hartuta, Basquetourren bitartez, Basque Country jomuga sustatu gura du Hemingwayren bideari jarraituz ibilbidearen bidez. Bestetik, National Geographic Traveller aldizkariko bi kazetari txinatar bidaia bat ari dira egiten, Espainian zehar bai eta Euskal Herrian ere, Hemingwayren nondik norakoak ezagutzera emateko asmoz. Idazleak bisitatu zituen tokirik esanguratsuenak ezagutu gura dituzte. Hala, atzo, Busturialdean egon ziren.Donostian hasi zuten domekan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan zehar egin behar duten bisita. Edorta Jimenez idazle mundakarra ari da gidari lanak egiten. Jimenezek ondo ezagutzen du Hemingwayren presentzia Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Era berean, John Hemingway Nobel Sari estatubatuarraren iloba ere bidaian ari da parte hartzen. Bi etapatan egongo dela azaldu du. Atzo Busturialdetik ibili zen, eta ondoren, Bilbotik kazetari txinatarrek egingo duten bisitan ere egongo da.
Pereira izozkien orgagaz
Gernika-Lumo, Busturia, Bermeo, Mundaka eta Kanala bisitatu zituzten atzo. Gernikan hasi zuten bisita. Pasilekuko gotorlekua eta Gernikako Arbola bisitatu zituzten. Ondoren, Pablo Picassoren Guernica-ren keramikazko kopian egin zuten geldi- unea. Bertan, 1937ko apirilean Gernika-Lumoko bonbardaketari buruz Hemingwayk idatzitako testua irakurri zuten. Irakurketa John Hemingway idazlearen ilobak egin zuen inge- lesez eta gazteleraz, eta Jimenezek, berriz, euskaraz egin zuen.
Bermeora eguerdian iritsi ziren. Hemingwayk bere gutunetan aipatzen zuen Bermeo. Kostaldeko herrian, 1959an, Ernest Hemingwayk Pereira izozkien orgaren aurrean izozki bat jaten erakusten duen argazkia erreproduzitu zuten; oraingoan, baina, bere iloba izan zen protagonista argazkian. Aipatu orga hori 1959an zegoen bezala mantentzen du Pereira familiak. Diotenez, margotze lanak baino ez dituzte egin, «oso ondo mantentzen baitzen». Bertaratutakoek Pereirak egiten dituen izozkiak dastatzeko aukera izan zuten. Txinako kazetariek herriko xehetasun guztiak jaso zituzten.
Mundakan bazkalduko zuten. 1959an Bilbotik egindako ihesaldi batean Hemingway Mundakan agertu zen, Kuban ezagututako lagun batzuekin. «Busturialdeagaz zuen atxikimendua Kubatik zeukan Hemingwayk, han ezagutu zituen hemengo eta Markina-Xemein aldeko hainbat pilotari eta Andres Unzain apaiza ere», azaldu zuen Jimenezek.
Mundakako hilerrian
Ibilbideak Kanalairaino jarraitu zuen arratsaldean. Han harrapatu zuen 36ko Gudak Andres Unzain apaiz lanetan. Saseta Batailoian kanpainako kapilau moduan armadan sartu zen Un- zain. Gernikako bonbardaketaren lekukoa izan zen, eta Kubara atzerriratu zenean, Ernest Hemingwaygaz luzaroko adiskidetasuna egin zuen; haren aholkulari espirituala izan zen. Mundakako hilerrian bisitatu zuen 1959. urtean Hemingwayk Unzainen hilobia haren loba bategaz, eta han errezatu egin zuen. Atzo arratsaldean ere, Heminwayren iloba Mundakako hilerrian egon zen errezatzen.
Busturian ere egon ziren, Altamira auzoan, hain zuzen ere; han baitago Txirapozu jauregia. Txirapozun bizi izan zen eta bere lanaren zati handi bat egin zuen Jose Maria Uzelaik: 1937an Parisen Eusko Jaurlaritzako ordezkaria zen, eta Guernica-ren jomuga Picassogaz negoziatu zuen. Etxe horretan egon zen Hemingway ere, Uzelairen lagun handia.
Busturialdea bisitatu ostean, Gasteiz eta Bilbo bisitatuko dituzte datozen egunotan.
Kazetari txinatarrek azaldutakoaren arabera, Hemingwayri buruzko erreportajea udazkenean argitaratuko dute.