Osoko zuzenketa aurkeztu dio EH Bilduk Jaurlaritzaren Portuen lege proiektuari
Koalizioak zenbait eragile, erabiltzaile eta kostaldeko herrietako ordezkariekin landu du gaia. Oposizioko gainontzeko alderdiek ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete lege egitasmoariHainbat eragile, erabiltzaile eta kostaldeko udalerriekin gaia landu...
Koalizioak zenbait eragile, erabiltzaile eta kostaldeko herrietako ordezkariekin landu du gaia. Oposizioko gainontzeko alderdiek ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete lege egitasmoari
Hainbat eragile, erabiltzaile eta kostaldeko udalerriekin gaia landu ostean, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzak landu duen Portuen eta Itsas Garraioaren lege proiektuari, «pribatizazioari ateak parez pare irekitzen dizkiolako». Horrela, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote lege proiektua Lakuari itzultzea, «berriro idatzi eta aurkezteko».Koalizioak azaldutakoaren arabera, beharrezkoa da euskal titulartasuneko portuak erregulatuko dituen lege bat. «Gobernu ezberdinen aldetik beste bi saiakera egin baldin badira ere, gaur egun, modu zatikatuan dago araututa, horrek dakartzan zailtasunekin. Hala eta guztiz ere, lege proiektua aurkeztu den modura, ez da onargarria», nabarmendu dute.
Maider Otamendi EH Bilduren legebiltzarkideak osoko zuzenketan jaso duenez, «ezin daiteke onartu zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat sortzea bertoko portuak kudeatzeko. Zerbitzu eta azpiegitura publiko batzuen kudeaketa integralaz ari garen heinean, iruditzen zaigu administrazioak zuzenean kudeatu beharko lituzkeela, horretarako beharrezkoak diren bitarteko material eta pertsonalak jarrita».
Pribatizaziori «zabalik»
Koalizio abertzalearen ustez, Jaurlaritzak «pribatizazioari ateak ireki gura dizkio» lege proiektu horregaz.
EH Bilduk «kudeaketa zuzena» posible dela uste du, eta hori jasotzea defendatzen du etorkizuneko balizko lege proiektu berri batean.
Oposizio taldeak, kontra
Halaber, oposizioko gainontzeko taldeek ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete portuen lege proiektuari.
Hain zuzen ere, legegintzaldi honetan, babes faltagatik, Lakuak bertan behera utzi behar duen laugarren legea izango da portuena. Joan den astean, esate baterako, Suteen Prebentzio eta Itzalketarako eta Salbamenduko Zerbitzuen legea erretiratu zuten, eta, iaz, Euskal Administrazio Publikoaren legea. 2013an, berriz, aurrekontuen legearen aurreproiektua erretiratu beharra eduki zuten.