San Gregorio jaiak, bizi-bizi
Giro ezin hobea eta parte hartze handia izan dira nagusi aurtengo San Gregorio jaietan. Barikuan hasita, etenik barik, jai giroan murgilduta ibili dira berriatuarrak. Egunero bete dute plaza adin guztientzako ekitaldiek.A steburua giro onean igaro ondo...
Giro ezin hobea eta parte hartze handia izan dira nagusi aurtengo San Gregorio jaietan. Barikuan hasita, etenik barik, jai giroan murgilduta ibili dira berriatuarrak. Egunero bete dute plaza adin guztientzako ekitaldiek.
A steburua giro onean igaro ondoren, datorren urtera arte agurtu zituen jaiak atzo, San Gregorioetako protagonista nagusiak, Kaxerok. Puntu-puntuan jaitsi zen barikuan, Berriatuko kaleak alaitzera, Tarine Musika Eskolako ume eta nagusien perkusio doinuek lagundurik, eta balkoian egon da herritarrekin batera jaiak bizitzen.Alazne Egurrola eta Yoseba Malaxetxebarriak irakurri zuten San Gregorio jaietako pregoia. Eta ilusioz bete bota zuten txupina ere Jai Batzordeko bi kideek, jaiak ondo pasatzeko eta herria zein herritarrak errespetatzeko eskatuz.
Hiru irabazle batu zituen udaletxeko balkoian, pregoiaren ondoren egin zen ipuin eta marrazki lehiaketaren sari banaketak: 8 eta 12 urteko mailan, Uxue Mugartegirena izan zen ipuin saritua, eta Elaia Gogenolarena, marrazkia. 18 urtetik gorakoen mailako ipuin onenaren saria Ane Orbeak eskuratu zuen. Txalo artean jaso zituzten sariak, plaza bete jenderen aurrean.
Jendez gainezka
Kuadrillek hartu zuten herria, zapatuan. Udaletxe inguruko aterpeetan batu ziren eguerdian paellak prestatzeko, eta Mendibarren frontoia lepo bete zuten gero, 600 lagunek bazkaritan, giro ezin hobean. 27 paella izan zituen dastatzeko epaileek. Ez zen ezusteko handiegirik egon; faboritotzat zeukaten askok irabazlea; Txarruk jantzi zuen paella irabazleari zegokion txapela.
Kuadrillen jolasekin jarraitu zuen egunak, eta triki bertso poteoak jende asko erakarri zuen. Plaza ere txiki geratu zen, gauean, EH Sukarra eta Hesian taldeekin.
Domekako herri kirol ikuskizunak eta atzoko Berriatuko dantza taldeen emanaldiak ere jendetza batu dute. Saio dotorea eskaini zuten dantzari txikiek.