Astelehenetan ere bentarik ez egitea aztertzen ari dira, kostera luzatzeko
Aurreko asteetan hartutako neurriez gain, neurri berriak hartu ditzakete kofradiek. Izotz fabrika egunotan hasi daiteke martxan, ia bi hilabetez itxita egon osteanAntxoaren kostera luzatze aldera, hainbat neurri hartzen ari dira egunotan. Aurreko astea...
Aurreko asteetan hartutako neurriez gain, neurri berriak hartu ditzakete kofradiek. Izotz fabrika egunotan hasi daiteke martxan, ia bi hilabetez itxita egon ostean
Antxoaren kostera luzatze aldera, hainbat neurri hartzen ari dira egunotan. Aurreko astean, esaterako, kostera amaitu arte, barikuetan bentarik ez egitea erabaki zen. Orain, ordea, neurri horrez gain, astelehenetan ere bentarik ez egitea aztertzen ari dira kofradietako arduradunak. «Kostera amaitu arte, barikuetan, printzipioz, ez da bentarik egingo, eta asteleheneko benta ere ez egitea aztertzen ari dira».Kostera luzatze aldera, gainera, ontziei kuota zehatz batzuk ezarri zaizkie. Neurri berri horren arabera, ontzi bakoitzak, 10.000 kilo antxoa ordez, 6.000 kilo harrapatu ahal izango ditu, gehienez, eguneko. Ontzi txikiagoen kasuan, 5.000 kiloko izango da muga.
Astelehenean, Ondarroan, antxoa asko egon zen, eta horren eraginez, prezioak asko jaitsi ziren. Batez ere hori saihesteko pentsatu dute astelehenetako benta ez egitea.
Datuei erreparatuz, astelehenean 83 ontzik 378.000 kilo antxoa lehorreratu zituzten, eta bataz beste, 1,14 euroan saldu zen kiloa. Bentako arduradunen hitzetan, lehen bentetako arraina nahikoa prezio onean saldu zen, baina orduak igaro ahala, arrainaren prezioa nabarmen jaisten joan zen.
Martitzenean ere nahikoa antxoa saldu zen Ondarroan. 45 ontzik 233.00 kilo lehorreratu zituzten, eta prezio aldetik ere zer edo zer garestiago saldu zen; bataz beste, kiloa 1,19 euroan. Eguaztenean eta atzo, ostera, ez zen antxoa askorik saldu Ondarroako portuan. Bilbo eta Santander (Kantabria) parean ari dira arraina harrapatzen, eta ontzi askok hurreragoko portuetan deskargatzea erabaki dute, Santoña eta Laredoko portuetan, esaterako.
Martxan hasteko prest
Egunotan izotz fabrika ere martxan hastekoa da. «Guztia prest dago. Martxan hasi ahal izateko baimen baten zain gaude. Baimen hori lortu orduko hasiko gara ohiko martxagaz».
Antxoa kostera hasieran gertatu zen istripua, eta denei izotza banatu ahal izateko nahikoa arazo izan dituztela adierazi dute kofradiako ordezkariek, baina beste kofradia batzuek emandako laguntzari esker dena ondo atera dela nabarmendu dute. «Eskerrak eman nahi diegu Getariako, Lekeitioko eta Bermeoko kofradiei».