San Gregorio jaietan batuko dira berriatuarrak barikutik astelehenera arte
Aurten estreinako egin duten ipuin eta marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute barikuan. Kaxero Gaupaseroren jaitsierara kaxero jantzita joateko gonbita egin diete herritarreiKaxero Gaupaseroren jaitsieragaz eta kalejiragaz hasiko dituzte San G...
Aurten estreinako egin duten ipuin eta marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute barikuan. Kaxero Gaupaseroren jaitsierara kaxero jantzita joateko gonbita egin diete herritarrei
Kaxero Gaupaseroren jaitsieragaz eta kalejiragaz hasiko dituzte San Gregorio jaiak berriatuarrek, barikuan.Dena dela, beti ez dute egin izan kalejira. Udalean kultura batzordea sortu zenean erabaki zuten pregoia herriko taldeek botatzea. Tarine udal musika eskolari tokatu zitzaionean, zer edo zer berezia egin behar zutela pentsatu, eta txaranga itxurako kalejira egitea erabaki zuten.
19:00etan hasiko da jaitsiera, eta kaxero jantzita joateko dei egin dute: «Bizilagunak Kaxero Gaupasero jantzita joatera animatzen ditugu». Txupina jaurti aurretik, baina, ipuin eta marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute, udaletxeko balkoian bertan.
Txosnak irekita, Trikidantz-en erromeriak girotuko du plaza. Gauean playback lehiaketa egingo dute, eta antzezpen onena egiten duten lehenengo bi kuadrillek jasoko dute saria.
Zapatua izango da herriko kuadrillen egun handia. Goizean paellak prestatzen ariko dira, eta 14:00etarako prest izan beharko dituzte. Gero, epaimahaikoek ordu erdi bat hartuko dute paellak probatu eta onena zein den erabakitzeko. Irabazleak txapela jasoko du, baina denak ere ez dira esku hutsik geratuko, parte hartzen duten guztiei diru-saria emango baitiete.
Arratsaldeko triki bertso poteoaren ostean, EH Sukarrak eta Hesianek girotuko dute gaua, eta DJ L-gaz goizalderarte dantzan ibiliko dira gaupaseroenak.
Herri kirolak
Domekan, San Gregorio bezperan, eguerdiko mezaren ostean, herri kirol erakustaldia egingo dute Joseba Ostolaza eta Idoia Etxebarria harri-jasotzaileek eta Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Hodei Ezpeleta aizkolariek.
Ostolazaren semeak ere erakustaldia emango du harri txikiagoekin, eta herriko umeek herri kiroletan trebatzeko aukera izango dute, Ostolazak materiala eramango baitu haientzat.
Arratsaldean, haurren pala txapelketa lehiatuko dute, estreinako. «Urtero puzgarriak eta antzekoak ekarri izan ditugu, eta aurten guraso elkarteagaz hitz eginda erabaki dugu zerbait desberdina antolatzea».
Astelehenean, San Gregorio eguneko meza entzun ostean, Berriatuko Sarats dantza taldearen emanaldiaz gozatuko dute.
Arratsaldean, berriz, Sustraia Natura taldearen eskutik, haurrentzako abentura parkea prestatuko dute. Tirolina eta antzeko jolasetan primeran pasatzeko aukera izango dute ume eta gaztetxoek. Kaxeroren igoeragaz agurtuko dituzte jaiak.