Erdi Aroko azoka hartuko du
asteburu honetan Gernika-Lumoko Merkatu Plazak. Hamahirugarren urtez egingo den azoka tradizional horretan, denetik erosteko aukera izango dute gernikarrek. Guztira
50 postu ipiniko dituzte bihar hasi eta domekan bukatuko den azokan.

50 postu egongo dira urte honetako azokan
Oraingo honetan
fantasia munduaren gaia jorratuko dute antolatu dituzten adin guztietarako ekintzetan.
Umeentzat zuzendutako programaren baitan, magia, jolasak, erraldoiak, asto gainean ibiltzeko aukera, esku jokoen txapelketak, arku tiraketa eta beste hainbeste jarduera izango dituzte txikienek aukeran.
“Bertaratzen direnek, Erdi Aroko errezetak dastatzeko aukera izateaz gain, larruzko artisau-lanak, zeramikazko eta burdinazko lanak eta lurrinak, eta lore lehorrak erosteko aukera ere izango dute, besteak beste”, Azoka eta Merkatu arloko zinegotzi Iñaki Gorroño azaldu duenez. Antzinako armen erakusketa, nekazaritzako lanabesak, buruhandiak eta arabiar jaima ere egongo dira.
Azoka Gernika-Lumoko Udalak antolatu du, eta zabalik egongo da 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara. Zapatu zein domeka gaueko emanaldiak gauerdira arte luzatuko dira.