Jende asko batu du, aurten ere, Berriatuko nekazal azokak
Kukulumutxu kuadrillak irabazi du Berriatuko Alkarteen Arteko III. Pintxo Lehiaketa. Gazte Egunak herritar denen lana beharrezkoa dela aldarrikatu duBeste behin ere, eguraldia aldeko eduki dute berriatuarrek, eta urteroko Nekazal eta Arrain Kontserba A...
Kukulumutxu kuadrillak irabazi du Berriatuko Alkarteen Arteko III. Pintxo Lehiaketa. Gazte Egunak herritar denen lana beharrezkoa dela aldarrikatu du
Beste behin ere, eguraldia aldeko eduki dute berriatuarrek, eta urteroko Nekazal eta Arrain Kontserba Azoka plazan egin ahal izan dute. Izan ere, eguraldi txarragaz postuak frontoian ipiniko zituela iragarri zuen udalak, baina ez zuten horretarako beharrik eduki. Horrela, Berriatuko Nekazal eta Kontserba azokak eta aurten hirugarrenez lehiatu den alkarteen arteko pintxo lehiaketak jendez bete zuen herriko plaza.Arrain kontserba eta bertoko produktuak erosteaz gain, pintxo gozoak dastatzeko aukera eskaini du, beste behin ere, Berriatuako Azokak. Sei elkartek hartu dute parte, aurten, pintxo lehiaketan, eta euren artean, pintxorik onenak egin zituen taldea Kukulumutxu kuadrilla izan zela erabaki zuen epaimahaiak.
Elkarte bakoitzak lau motatako pintxoak egin zituen, guztira 250 pintxo talde bakoitzak. Hori bai, lehiaketako baldintza bakarra errespetatuz, pintxo guztiek antxoa edo atuna zuten protagonista. Azokaren erdigunean kokatuta zegoen karpa zurian jarri zituzten pintxoak, eta jaki goxoek jendearen ikusmina eragin zuten. Horrela, apurka-apurka, pintxoak dastatu ahal izateko txartelak gastatzen joan ziren.
Berriatuko udal ordezkarien esanetan, aurreko urteetan arinago saldu ziren pintxoak. Dena dela, dena martxa onean joan zela aitatu zuten.
Arratsaldean, gazteen jaia
Nekazal eta Kontserba Azokaren egun berean, Berriatuko gazteek ere euren jaia egin nahi izan zuten, Gazte Eguna ospatuz. Satorzulo gaztetxearen aldamenean kokatutako karparen azpian bazkaldu zuten guztiek batera, eta gero, era askotako jolasak eduki zituzten. Ostean, elektrotxarangagaz poteoa egin zuten herrian zehar, eta kontzertuagaz amaitu zuten jaia.
Gazte Egunagaz gaztetxeko ateak herritar guztientzat zabalik daudela erakutsi nahi izan zuten herriko gazteek, eta ekintzak antolatzeko guztien laguntza beharrezkoa dela nabarmendu zuten. Horregatik, aurten, Denok antolatu behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena antolatu behar ez dezaten leloa jarri diote jaiari.