«Zirraragarria izan zen Lekeitioko grabaketa eta ikaragarria leherketa»
Datorren martitzenean Malagan estreinatuko den Koldo Serraren 'Gernika' filmean hartu du parte lekeitiarrak. Filmak kazetarien lana goraipatzen duela aurreratu du .Zu kazetaria zara izatez, beraz, zelan sortu zitzaizun Gernika filmean parte hartzeko au...
Datorren martitzenean Malagan estreinatuko den Koldo Serraren ‘Gernika’ filmean hartu du parte lekeitiarrak. Filmak kazetarien lana goraipatzen duela aurreratu du .
Zu kazetaria zara izatez, beraz, zelan sortu zitzaizun Gernika filmean parte hartzeko aukera?Lehenengo eta behin, Gernikak kazetarion lana goraipatzen duela esan behar da. Koldo Serra zuzendaria George Steer, Hemingway, Robert Capa,Gerda Taro edo Martha Gellhorn bezelako profesionaletan inspiratu da. Kazetaritzari keinu bat egiteko edo, Koldok, Jon Sistiaga berriemailea, Onda Vascako Begoña Beristain, Deiako Iker Merodio eta ni neu sartu gintuen produkzioan. Lau edo bost ordu eman nituen euritzan, Bilbon egin zen casting-ean sartzeko. Ondoren, ile-apainketa frogak egin zizkidaten eta garaiko arropak jantzita, arduradunen gustokoa izan eta paper bat erabaki zuten niretzat.
Nor antzeztuko duzu bertan, zein da zure papera?
Angel Caballerogaz (Tele 5-en Paquirri-ren papera antzeztu zuen Carmina TV-Movie-an) batera ikusiko nauzue pantaila handian. Jose de Labauria Gernikako alkateagaz egongo gara biok jendea salbu jartzen. Gudaria izango naiz. Ezin dut kontu askorik aipatu baina, dudarik barik, eszenarik dramatikoenean agertuko naiz, bonbardaketaren erdi-erdian.
Zenbat egunetan grabatu zenuen?
Guztira bost egunean ibili nintzen handik-ona. Artziniega, Gordexola, Gernika eta Lekeitioko grabazioetan hartu nuen parte. Nireak plano-sekuentziak izango dira gehienak, eta ordu askotan grabatu nituenak lau edo bost minututan ikusiko dira.
Pelikula batean parte hartzen duzun lehen aldia izan da?
Zinean ez dut sekula lan egin, antolakuntzan izan ez bada behintzat. Jose Coronado Lekeitiora ekarri zuen Fuego thilerrean laguntzaile egon nintzen herrian zehar figuranteak bilatzen, besterik ez.
Zu lekeitiarra izanik, zelakoa izan zen zure herriko grabaketan parte hartzea, ?
Gure herrian errodatu diren zatiak hain dira errealistak, ezin izango dela nabaritu zeintzuk diren Ezpeleta edo Arranegi kaleak. Suaz eta apurtutako harri-txikiz bete zituzten izkina guztiak. Han egon nintzen ni, nireak ez ziren eszenetan kuxkuxero eta gudariarenak egin behar nituenean, aktore. Ni neu Dominiken komentutik gertu grabatu ziren eszenetan egon nintzen. Zirragarria izan zen bertako grabaketa, ikaragarria erdian harrapatu ninduen leherketa. Claret-ek, nire birraitona zenak, toki horretatik gertu argazki-denda bat zeukan, eta egoera berezia iruditu zitzaidan, polita benetan.
Ze giro bizi zenuten egun horietan Lekeition?
Arraroa behitandu zitzaidan Lekeition filmatzen aritzea. Aktoreen artean ni nintzen bakarrik bertokoa, ohore bat herria filmean errepresentatzea beraz. Madrilen lanean denbora eman eta gero, gudari jantzita bueltatu nintzen herrira, belarri aldeko ile, bizar eta belarritakorik gabe. Nire gorputzean izan nitzakeen gauza «moderno» guztiak kendu zizkidaten, 1937an pentsaezinak ziren eta. Bitxia izan zen hainbat ezagun niregana argazki eske etortzea. Guzurmendi Tabernara sartu eta barre batzuk bota nituen bertako Alaznek eta Eguzkiñek ezagutzen ez nindutela ikusita.
Orokorrean zein izan zen grabaketetako giroa, aktoreak, zuzendaria…
Estresa, urduritasuna eta kontzentrazioa ziren nagusi set-ean. Hala ere, sekula ez dut Gernika filmean lan egin zuten 60 langileek erakutsi zuten moduko profesionaltasunik ikusi. Denak ziren hitz onak eta irrifarrea ez zen haien ahoetatik desagertzen. Erraz emozionatzen ez den pertsona batek ezingo luke horrelako filmerik egin. Nire ustez horrexegatik aukeratu dute Koldo Serra, bihotz handiko zuzendaria delako nahiz eta tamainuz gizon handia ez izan.
Gaiak indar handia dauka, mundu mailan da ezaguna Gernikako bonbardaketa, baina, pelikulan parte hartuta ezer berririk jakin duzu, gertaera hurreagotik bizitzeko aukera izan duzu?
Gernikako eskola zaharretan, bonbardaketatik bizirik irten ziren adineko jendearekin hitz egiteko aukera izan nuen. Gudari jantzita nengoela, haien testigantzak , grabagailuekin grabatu ezean, betirako galduko direla konturatu nintzen eta tristeziak menperatu ninduen. Seguraski ez naiz inoiz guda batetik hain gertu izango. Aiton-amonak joaten dauzkagu eta entzuten ez baditugu, lurpera eramango dituzte sekretuak eta bizipenak. Horregatik, hemendik aurrera, ez dut inoren kontakizunak entzuteko aukerarik galduko. Filmeak Gernikako bonbardaketari buruzko datu berriak plazaratzeaz gainera, antzinako zentsura-bulegoak erakutsiko dizkigu. Kabinete hauek ez dira iraganeko kontuak, oraindik orain informazioa enpresa handiek eta gobernuek kontrolatzen baitute. Wikileaks eta kazetari independenteak dira bakarrik albiste fidagarrien igorle. Kazetaritza hori da pelikulan ikusiko duguna, benetakoa, Kapuciskyren esentzia biltzen duena.
Teaserra kaleratu berri dute eta estreinaldia ere atarian da. Nola uste duzu hartuko duela publikoak filma?
Jendea oraintsu hasi da filmearen barri izaten, hari buruz Euskal Herrian hasieratik jakin izan badugu ere. Teaserrak, laburra bada ere, ikusmin handia eragin du eta bi egunetan 80.000 erreprodukzio izan ditu.
Pelikula osorik ikusteko aukerarik izan duzu?Azken emaitza zelakoa izango dela uste duzu?
Nik, nire eszenak zeintzuk diren jakinda, buruan puzzle bat egin eta argumentuaren nondin-norakoak imajinatu ditzaket, gehiagorik ez. Joan den azaroan, Koldo Serrak eta Unax Mendiak, Gernika filmeko argazki-zuzendariak, irudi batzuk erakutsi zizkiguten esklusiban, baina ez nuen arreta askorik jarri. Nahiago dut pelikula Ikusgarri zinean ikusi.
Estreinaldira joango zara?
Nola ez! Bonbardaketa izan zen egun berean estreinatuko dute Malagan. Pelikulako lantaldearentzat berezia da Gernika han estreinatzea, Picasso bera ere hangoa zen eta. Malagan ikusiko da filmea lehenik eta aurrerago ekarriko dute gurera.
Joan den urtean grabatu zen filma. Hortik aurrera beste pelikularen batean lan egin duzu? Kazetari izateagaz gain aktore lanetan aritzeko asmoa daukazu?
Gazteago nintzela ETB 2-ko Euskolegas umore saioan Pruden Txiki-ren papera egin nuen hiruzpalau aldiz. Nagusiago naizen honetan, ez diet inondik inora benetako aktoreei lanik kendu nahi. Gainera, aktore bezela aritzen banaiz, kazetari bezela izan dezakedan sinesgarritasuna galduko dut eta informatzen jarraitu nahiko nuke jendeari gauzak kontatzeko garai aproposa da eta. Aitor Zugadi lagun lekeitiarra prestatzen ari den laburmetraian ez bada, ez naiz inon agertuko. (Barrez).
Zeintzuk dira, momentu honetan, esku artean dituzun proiektuak?
Aletxu Echevarriagaz Euskadiko Ikus-entzunezko eta Eduki Digitalen Klusterreko lehendakariarekin, telebistarako programak garatzen ari naiz. The Blackout Project zuzentzen du berak eta, besteak beste, Movistar TV-en, Tele 5-en eta ETBn ikus daitezke ekoiztetxe horrek prestatu dituen produkzioak. Panda Antivirus edo Vocentoren ikus-entzunezko sailarentzako ekitaldiak garatu ditugu elkarregaz.