Bosgarren urtez motorzaleak gozaraztera dator Lea-Artibai Rallya
Bihar eta etzi zeharkatuko dute eskualdea, aurtengo rallyan parte hartuko duten 75 autoek. Hamar tarte egin beharko dituzte guztira. 21:00etan hasiko da probaJadanik rallyzaleentzat galdu ezinezko hitzordu bihurtu den Lea-Artibai Rallya lehituko da bih...
Bihar eta etzi zeharkatuko dute eskualdea, aurtengo rallyan parte hartuko duten 75 autoek. Hamar tarte egin beharko dituzte guztira. 21:00etan hasiko da proba
Jadanik rallyzaleentzat galdu ezinezko hitzordu bihurtu den Lea-Artibai Rallya lehituko da bihar eta etzi, Lea-Artibai eta Busturialdeko errepideetan zehar. Bosgarren urtez jarraian, bi egunetako rallya antolatu du Kastinparro Racing eskuderiak. Bihar 21:00etan irtengo du lehen parte hartzaileak Markina-Xemeindik, eta ikuskizunak ez du amaierarik izango, azken autoa etzi, 18:35ak aldera, Etxebarrira ailegatzen denera arte.Hamar tarte egin beharko dituzte Lea-Artibaiko V. Rallyan izena eman duten 75 parte hartzaileek. Guztira, 266,14 kilometro dira zeharkatuko dituztenak, eta euretatik neurtuak 111,27 kilometro izango dira.
Denbora aldetik, inoiz baino kontzentratuagoa izango da rallya, baina, aldi berean, kronometratutako tarteei dagokionez, orain arteko luzeena izango dela jakitera eman dute Kastinparro Racing taldekoek.
Bi tarte egingo dituzte barikuan, pilotu eta kopilotuek, rallyaren hasiera modura: Markina-Xemeingo herrigunetik Iturretara artekoa lehenengo eta Aginagatik Etxebarrira artekoa, ondoren.
Zapatuan, berriz, lau tarte egingo dituzte. Berriatutik Mendexara bitartean eta Ispaster, Ereño eta Nabarniz herrien artean ibiliko dira goizean. Munitibar, Ziortza eta Trabakua zeharkatuko dituzte, bestalde, arratsaldean, eta amaitzeko, Eibar eta Etxebarria arteko bidea egin beharko dute. Tarte guztiak bi bidar zeharkatuko dituzte autoek.
Aurkezpena
Urtero modura, ibilgailu guztien aurkezpena egingo dute bihar, Markina-Xemeinen. Horretarako, ibilgailu guztiak Zelaian kokatuko duten podiumetik pasatuko dira, bata bestearen atzetik, minututik minutura. Podiumetik pasatu ondoren, Etxebarriko asistentzia gunera joango dira, autoari azken ikutuak eman eta lehenengo tarte kronometratuagaz hasteko.
Egun bietan egin beharreko kilometro guztiak egin ondoren, Etxebarriko Olaia jatetxearen aurrean amaituko da rallya. Bertan jarriko duten podiumean egingo dute sari banaketa ere, 21:00ak aldera.
Bai autoak zein pilotu eta kopilotuak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko du, oraingoan ere, Eika alboan kokatuko den asistentzia guneak. Parte hartzaileek bertan izango dute euren ibilgailuak puntuan jartzeko gune bakarra, eta ikusleek bertara sartzea libre edukiko dute, rallya barru barrutik ezagutu ahal izateko.
Jauzia
Azken urteetan ikusmin handia eragin du Etxebarriko industrigunean egiten den tarte bereziak. Eibartik Etxebarrira doan bidearen amaieran ikuskizun txiki bat antolatzen dute Kastinparro Racing taldekoek. Launik parean eskumarantz hartu eta lurgainera sartuta, 200 metroko ibilbidea egin eta berriz errepidera irtetzen dira autoak, Eika atzera joan-etorria eginez, tartea amaitzeko.
Aurten baina, lurrezko tartean obrak egin dituztela eta, ezin izango da bertatik igaro. Hori dela eta, ikuskizunari jarraipena emateko asmoz, autoak Launik parera heltzen direnean, eskuinera barik, ezkerrera hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. «Horrela, Launik-eko aparkalekura sartu eta auto guztiak rallyrako espreski egindako ranpa batetik igaroko dira Miba parerantz jauzia egiteko», aurreratu dute. Ondoren, betiko modura Eika atzera joan etorria egingo dute tartea amaitzeko.