Europako inprobisatzaileak Markina-Xemeinera datoz
Donostia Europako Kultur Hiriburuaren baitan, Europako inprobisatzailerik onenek Donostian izango dute hitzordua, Europako kulturen ahozko tradizioen nazioarteko topaketan. Ordezkari sardiniar, kurdu, galego, kanariar, katalan, galestar, austriar eta p...
Nazioarteko topaketa Donostian izango da, uztailaren 9tik 16ra, eta itxiera-ekitaldia Kursaalen egingo da; bertan, munduko hainbat ahozko tradizio batuko direlarik. Gosegarri gisa, baina, aurretiko jardunaldi batzuk egingo dira Euskal Herriko herri ezberdinetan, euren artean Markina-Xemeinen. Horrela, Kurdistan, Sardinia eta Euskal Herriko inprobisatzaileak egongo dira, eguenean, 19:00etan, Markina-Xemeingo Kontzekupean egingo den Europa bat-batean kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketan.
Emanaldia dohainik izango da, eta Iker Iriartek aurkeztuko du. Saioan adierazpide bakoitzeko bina inprobisatzailek hartuko dute parte; baita musikariek ere adierazpideak hala eskatzen duenean, eta inprobisatzaileen jarduna jarraitu ahal izateko saioak euskarara itzuliko dituzte.
Poteoa
Bertsolariak Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Jon Martin izango dira, Dengbêja, inprobisatzaile kurdua, Zinar Ala izango da, eta Cantadoriak, inprobisatzaile sardiniarrak, Simone Monni eta Paola Dentoni. Ahots laguntzaileak, berriz, Stefano Cara eta Michele Deiana izango dira.
Saioaren ondoren, inprobisatzaileekin poteoa egingo da herrian zehar.