San Inaziokoek etxeetatik kanpo egon beharko dute, urtebetez
Artibai ibaiaren parez dauden etxeetakoak arinago sartzeko aukera izango dutela aurreikusten da. Arriskurik ezean, hiru edo lau hilabetetan bueltatu ahal izango diraKamiñaldeko mendi magalean egiten ari diren lanak martxan onean baldin badoaz ere, San...
Artibai ibaiaren parez dauden etxeetakoak arinago sartzeko aukera izango dutela aurreikusten da. Arriskurik ezean, hiru edo lau hilabetetan bueltatu ahal izango dira
Kamiñaldeko mendi magalean egiten ari diren lanak martxan onean baldin badoaz ere, San Inazion lehenengo aldian hustutako etxebizitzako bizilagunek, gutxienez, urtebete egon beharko dute etxetik kanpo, eta besteek, ostera, lau bat hilabete.Teknikoek nabarmendu dutenez, mendi magalaren egoera zer edo zer «egonkorragoa» da orain momentuan, eta kendu duten lur bolumen handiaren ostean, arriskua zer edo zer gutxiagoa bada ere, mendia egonkortu eta arriskua gutxitzeko lanek luze joko dute.
Lanak bi fasetan egingo dira, eta aurreikuspenen arabera, 500.000 metro kubiko lur kendu beharko dira. Oraingoz, 90.000 metro kubiko lur mugitu dituzte mendi magalaren aurreko aldetik, eta beste 400.000 metro kubiko kenduko dituzte atzeko aldetik.
Hasita dagoen lehen fasea hiru edo lau hilabete barru amaituta eduki nahi dute, eta amaitu ostean, nahikoa segurtasun dagoela baieztatzen bada, Artibai aldera begira dauden etxebizitzetako bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izango direla aurreikusten da. Mendiaren atze aldea jateko, aldiz, beste sei edo zazpi hilabete beharko dituzte. Tarte horretan, kalearen beste aldekoek ezingo dute euren etxeetara bueltatu.
Arreta zerbitzu bateratua
Lanak «espero baino gehiago» luzatuko direla kontutan hartuta, gainera, larrialdi egoerari erantzuteko arreta zerbitzu berria Maskulo Etxean gaur hasiko da martxan.
Gizarte langileak, hasteko, zerbitzua astean birritan emango du goizez zein arratsaldez, eta Alokabidek Ondarroan jarritako teknikaria ere bertan egongo da, astelehenetik barikura.
Kaltetuen artean etxeko gastuak ordaindu beharrari buruzko zalantzak ere ugariak izan dira, eta udala bere aldetik kaltetuei «gastuak arintzeko ahalegina» egiten ari da. Badoa eta zamarren zergak, esaterako, etxebizitza laga behar izan duten herritarrei eten egin zaizkie eta egoera normalizatu arte ez zaizkie berriro kobratuko. Uraren kasuan, kontsumorik ez dagoen bitartean ez da likidaziorik egingo. Gasaren eta argiaren kuota iraunkorrak ez kobratzeko eskaera egin zaie banatzaileei.
Kontsumobidetik jakitera eman dutenez, gainera, «egoera normalizatu arte» hipotekak negoziatzeko harremanetan jarrita daude. Oraingoz, Kutxabank eta Laboral Kutxagaz lortu dira akordioak, eta bihar sinatuko da hitzarmena. Bi banketxeekin egindako hitzarmen horregaz 90 familia eta negozio jabe baino gehiagok negoziatu ahalko dute euren hipoteka. «Kontsumobidek beharrean jarraitzen du gainerako bankuekin ere hitzarmen hori egiteko».
Hipoteka berregituratzeko aukerarik ez dutenei, ostera, bestelako neurri osagarriak hartzeko aukera eskainiko zaie. Alde batetik, kapitala urtebetean ez amortizatzeko aukera izango dute, eta kapitala amortizatzen ez den epe horretan, gainera, interes tasa %0 izango da. Familiaren egoeraren eta etxebizitzaren bilakaera tarteko, urtero berrikusi ahal izango da, gehienez ere bost urtez. Bestalde, amortizazio epea 30 urtera zabalduko da, gehienez, eta familiaren egoeraren arabera, 40 urtera ere luzatu ahal izango da.
Zaintza areagotzeko eskaria
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, zapatuan bizilagunak etxebizitzetara sartu zirenean lapurretan egin zutela konturatu ziren. Zehatz esateko, 47 eta 49 atarietako bi etxebizitzatan egin dituzte lapurretak, eta hainbat ganbaratan ere bai.
Hain zuzen ere, kaltetuek zaintza aregotzeko eskaera egin zuten barikuko batzarrean. Udalak zaintza aregotzeko eskaera luzatu dio Ertzaintzari, eta aldi berean, segurtasun enpresa pribatu bat kontratatzea aztertzen ari dela ere nabarmendu zuen.