Beste bi gudariren gorpukiak berreskuratu dituzte Zelaietaburun
Martxoaren 5ean berreskuratutakoagaz batuta hiru dira Etxebarriko muinoan aurkitutako gorpukiak. Domekan atera zituzten lurretik azken biak eta omenaldia egin zietenAranzadi Zientzia Elkarteak 36ko gerrako beste bi gudariren gorpuzkiak hobitik atera zi...
Martxoaren 5ean berreskuratutakoagaz batuta hiru dira Etxebarriko muinoan aurkitutako gorpukiak. Domekan atera zituzten lurretik azken biak eta omenaldia egin zieten
Aranzadi Zientzia Elkarteak 36ko gerrako beste bi gudariren gorpuzkiak hobitik atera zituzten domeka goizean, Etxebarriko Zelaietaburu muinoan. Joan den martxoaren 5ean berreskuratutako gudariaren gorpuzkinen ondoan zeuden biak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak jasotako testigantzek zioten bezala. Izan ere, testigantzen bidez ailegatu dira historiazale, ikerlari eta zientzialariak kokapen horretara. Bi familietako neba-arrebek horren berri izan zuten etxean, umetatik entzunda edo etxekoek kontatuta, eta kontakizun horreri esker, hiru gorpuzki berreskuratu ahal izan dira Zelaietaburun.Eguraldia zela eta, martxoaren 5ean ezin izan zuten aurrera jarraitu hobitik ateratze lanekin, eta beraz, domekan, amaitu zuten hasitakoa. Aranzadi zientzia-elkarteko teknikari talde batek egin ditu, oraingoan ere, gorpuzkinak ateratzeko lanak. Haiei laguntzen egon ziren, era berean, ikerketa sustatu duen Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkarteko kideak.
«Zientzilariek buruzgora aurkitu zituzten gorpuzki biak, nahiko egoera txarrean, deseginda, eta beraz, itxura batean oso gaitza izango da nortzuk diren jakitea», adierazi dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Hala ere, gorpuzkiak Aranzadikoen esku geratu dira azterketak egin ahal izateko.
Gorpuzkien ondoan hortz eskuilak, gerrikoen belarriak, urrezko hortzak, txanpon bat eta hortz protesi bat ere aurkitu dituzte.
Omenaldia
Gorpuzkiak hobitik ateratzeagaz gainera, omenaldi bat ere egin zieten inguru hartan borrokatu zuten gudari eta borrokalari antifrankista guztiei. Lore eskaintza bat eta aurreskua dantzatu zieten, euren omenez, azken agurra emateko.
Aranzadi eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideez gain, ehorzketa-lanak egiten ari diren lekuan egon ziren Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Elgoibarko Udaleko eta Elgoibar 1936 elkarteko ordezkariak.
Ekitaldian egon ziren bai eta gertaeren testigantza eman duten Pilar San Martin eta Santi Retolaza ere, bere familiekin. «Zelaietaburun dagoen Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba-arrebak jolasean ibiltzen ziren inguru haietan umetaz, eta aititak kontuz ibiltzeko esaten zien, leku hartan gizonak lurperatuta zeudelako», azaldu dute.
Ignazio eta Santi Retolazari ostera, aitak kontatu zien istorioa. «Mariano Mendikute argiketaria zen. Berak lan egiten zuen fabrikak argia banatzen zuen eta kableak konpontzen ibiltzen zen. Handik hurre dagoen Belaustegin zegoela, hiru hildako zeudela enteratu eta kableak jarri behar zituen aitzakiagaz ikustera joan zen, ezagunen bat zen jakin nahian, bere anaia ere falta zen eta. Horrela, hiru gizon ikusi zituen lurrean, oraindik lurperatzeko», kontatu dute.
1937 urtean gertatu zen hori guztia, baina, handik urteetara, semeekin Kalamura egindako irteera batean gertaera kontatu zien, eta horiek testigantza hori helarazi diete Ahaztuen Oroimena elkarteko kideei, aurkikuntzari bidea emanez.
Bi familia horietako testigantzekin egin duten modura, informazio gehiago jasotzen eta kokatzen jarraituko dutela aitatu dute elkarteko kideek. Horrez gain, Egixarren gertatutako borrokaren kokalekuak ezagutzera emango dituen informazio panel bat jarriko dutela aurreratu dute, eta Kalamura bisita gidatu bat ere antolatuko du taldeak, 36ko gerrako interesguneak ezagutu ahal izateko.