Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea onetsi du aldundiak
Auzitegiaren ebazpenaren ostean, San Antonio enklabea desagerrarazteko prozedura hasi dute; enklabea zatitu eta bi herrien artean banatzeko proposamena onetsi duteBizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak San Antonio enklabea desagerrarazteko esped...
Auzitegiaren ebazpenaren ostean, San Antonio enklabea desagerrarazteko prozedura hasi dute; enklabea zatitu eta bi herrien artean banatzeko proposamena onetsi dute
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri du, Espainiko Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren ostean. Hala, proposamenak aztertu ostean, Sukarrieta eta Busturia arteko muga lerroa aldatzea onetsi du aldundiak, enklabea bi herrien artean banatzeko.2013an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen 2015eko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, San Antonio hondartza, Abiña auzoa eta udalekuak hartzen duen lur eremua Sukarrietak Busturian duen enklabe bat dela ebatzi zuen. Epaia betearazteko, hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, bi udalerrietako alkateekin batu izan dira, «akordioren bat lortzeko helburuz». Bi udalerriek, baina, lur eremu hori gura zutela adierazi du. Hortaz, aldundiak azterketa tekniko bat egiteko agindua eman zuen, «enklabea desagerrarazteko aukerak aztertzeko». Dioenez, azterketa horrek lau aukera ematen zituen, eta aldundiaren ustez «egokiena» den proposamena aukeratu dute. Modu horretan, muga lerroa aldatzeko erabakia hartu dute, enklabea bi udalerrien artean banatzeko. Sukarrieta iparraldeko zatiagaz geratuko litzateke; Busturia, berriz, hegoaldekoagaz.
«Orekatuena»
Bengoetxeak adierazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi duen proposamena «orekatuena» da bi udalerrientzat. Gauzak horrela, Sukarrietarentzat izango lirateke egun Busturiarenak diren Santarenako lurrak, lurraldean jarraipena izan dezan San Antonioraino, eta udalekuen eraikina Sukarrietan geratuko litzatekeela azaldu dute. Busturiak, berriz, San Antonio hondartza eskuratuko luke, bai eta hondartzaren hegoaldeko partzelaren zati bat ere.
Bertako biztanleengan «eragin txikiena» sortuko lukeen proposamena onetsi dutela uste dute aldunditik; izan ere, Abiña auzoko bizilagunek Sukarrietakoak izaten jarraituko dute; «eta saihestu egiten dira, beraz, beste aukera batzuek sortzen zituzten ezinbesteko aldaketak».
Alegazioetarako tartea
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko du proposamena, eta 30 egun ikusgai izango da, gura duenak alegazioak aurkeztu ahal izateko. Jakinarazi dutenez, gainera, entzunaldirako izapiderako aukera emango die Busturia eta Sukarrietako udalerriei; hain zuzen ere, 30 egun baliodun izango dituzte egoki deritzen alegazioak aurkezteko.
Aldi hori igarota, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako alegazio guztiak aztertuko ditu, eta hala badagokio, gehitu egingo ditu alegazio horiek eta Lege Batzordearen Aholkularien irizpenaren esku jarriko du espedientea. Ondoren, beste proposamen bat onetsiko du Gobernu Kontseiluan, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei aurkeztuko die, behin betiko erabakia har dezaten.
Sukarrietako eta Busturiko udaletako arduradunek azaldu dutenez, euren herrietako interesak defendatzen jarraituko dute. Biek esan dute, gainera, momentuz ez dutela Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio enklabearen gainean hartutako erabaki ofiziala udaletan jaso.
Batzarrik ez
Busturiko Udalak prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, «udala beti prest agertu da negozioatzeko, aldundiak esku artean zituen aukerak mahai gainean jarrita». Hala ere, San Antonio enklabeari irtenbidea emateko batzarrera, Busturiko Udala ez dutela deitu adierazi dute.
Bestalde, aldundiak txosten bat eskatuta zuela jakinda, Busturiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Sukarrietako Udalari azterketa horren emaitzak Busturiko Udalak eskatutako beste txosten bategaz erkatu ahal izateko zenbait datu eskatu izan dituela jakinarazi dute: «Ez dugu eduki ez bataren, ez bestearen erantzunik; Busturiak, berriz, eskatutako datu guztiak erraztu ditu»
Busturiko Udala «oso desilusionatua» agertu da, «aldundiak aukeratu duen proposamena ez delako guztien arteko akordio batetik etorri». Foru Aldundiak hartutako erabakia, gainera, enklabeen inguruan orain arte hartutako erabakietatik «desberdina» dela diote. Horregatik, erabakia «ustekabez» hartu dute.
Auzoa «osotasunean» gura
Sukarrietako Udalak, bestalde, herritarren eta herriko interesak defendatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bizkaiko Foru Aldundiak onetsi duen proposamenean Abiña auzoko bizilagunak Sukarrietakoak izaten jarraitzen dutelako pozik agertu dira udaleko arduradunak. Hala ere, herriko ikono bat den San Antonioko hondartza galtzearen aurrean, kezka agertu dute; bai eta aldundiaren erabaki horrek udaleko diru kutxan eduki dezakeen eraginarekin ere.
Jakinarazi dutenez, Abiña auzo guztia «bere osotasunean» Sukarrietakoa izaten jarraitzeko borrokatuko dute udaletik. Hala ere, erabakiaren berri, foru aldundiko wegbunearen eta komunikabideen bidez izan dutela adierazi dute. Beraz, foru aldundiko erresoluzio ofizialaren zain daude, proposamena «sakontasunez aztertzeko».
Horren arabera, diotenez, «udalerriaren osotasuna defendatuko dute, esku artean dituzten probak eta txosten guztiak aurkeztuta».