Urdaibaiko bisitariek «positiboki» baloratu dituzte bertako zerbitzuak
Bertako ekosistemen zerbitzuei buruz iritzi bakoirra eman dute. EHUko Garapen Jasangarri eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak egin du ikerketaEuskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa proiektuaren barrruan egindako azterlanean Euskal Aut...
Bertako ekosistemen zerbitzuei buruz iritzi bakoirra eman dute. EHUko Garapen Jasangarri eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak egin du ikerketa
Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa proiektuaren barrruan egindako azterlanean Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak ikertu dituzte.Euskal Herriko Unibertsitatearen Garapen Jasangarri eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak egin du ikerketa. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du egitasmoan.
Urdaibai Biosfera Erreserba bisitatu dutenek «positiboki» baloratu dute ingurune babestua bera. Inkestan jaso dutenez, dibertsitate naturala zaintzeko betetzen duen «eginkizun garrantzitsuari» eta eskaintzen dituen «askotariko zerbitzuei» esker dute ikuspegi baikor hori.
Halaber, Urdaibaik eskaintzen dituen aisialdiari loturiko zerbitzuak, eta paisaia bera ere positiboki ebaluatu dituzte.
Izan ere, aisialdiko zerbitzuen arloan eskaintza zabala da: Euskadiko Biodibertsitate zentroa, Urdaibai Bird Center, AZTI, museoak, baserri eskolak, oinez zein bizikletaz egiteko ibilbideak, itsasontzietan txangoak…
Ongizaterako onuragarri
Natur- eta kultur-balio garrantzitsuez gozatzeko aukera dago, eta askotariko kirol jarduerak praktikatzeko leku pribilegiatua da. Gainera, Urdaibai Biosfera Erreserban lehorreko nahiz itsasoko ekositemen ikerketa ugari egiten dituzte. Urdaibaiko paisaia ere gustuko dute bisitariek, eta besteak beste, zehaztu dute erlaxatzeko eta inspiratzeko aproposa dela.
Bestalde, babesturiko ingurune natural honek bertako biztanleen ongizateari laguntzen dieten zerbitzu onuragarriak ere aipatu dituzte azternalean.
Urdaibaik eta haren barneko ekosistemek hiru zerbitzu mota eskaintzen dituzte: hornidurazkoak, erregulaziozkoak eta kulturakoak.
Hornidura zerbitzuen artean elikagaien ekoizpena, ur garbia eta egurra daude. Erregulazio zerbitzuen artean, besteak beste, ingurumena uholdeetatik babestea, klima erregulatzea eta higadura kontrolatzea daude. Kultur zerbitzuetan aisia, erlaxatzeko eta ikerketarako aukerak, jakintza tradizionalari eustea eta jabetza sentimendua daude.
Iosu Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak esan du Urdaibai Biosfera Erreserbak biodibertsitatea mantentzeko giltzarri diren gune edota elementuak dituela. «Esaterako, Gernika eta Mundaka arteko itsasadarra, Lagako dunen sistema edo artadi kantauriarra eta haren ibaien sarea».
Laidabaso berroneratzen
Bestalde, Urdaibaiko Patronatuak Laidabaso ingurumen aldetik berronerazea onartu berri du osoko bilkuran. Horretarako Laida hondartzaren goiko pinudia kenduko dute. Asmoa da horri esker Kantaurialdeko artadiak onera ekartzea eta handitzea.