'Ros' ipuina aurkeztuko du Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak
Bere lan berria aurkeztuko du bihar, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Umeei begira jarri da berriz ere idazlea, eta Gari izeneko haur baten eta bere astakumearen harremana kontatzen du Ros izeneko ipuinean.Gari...
Garik sei urte ditu, eta haurtxo bat balitz bezala maite eta zaintzen du Ros astakumea. Izan ere, benetako amak baztertu duenetik, animalien munduan batzuetan gertatzen den moduan, jaioberriak amatzat hartu du mutikoa. Egoera hori deskribatzen da ipuinean.
Idazleak azaldu duenez, nortasunaren transferentzia eginda, haurra izanik Garik gurasoaren papera jokatuko duelako astotxoarekin,oso modu xumean, premia goiztiarren berri ematen da liburuan: elikadura, higienea, jolasa, afektibitatea, irudimena eta esperimentazioa, adibidez.
«Bestalde, Garik bere burua ama izendatzeak, ez aita, genero-rolei buruzko ikuspegiaz pentsatzeko bidea eman nahi luke. Hala ere, funtsean kontzeptu biologiko eta psikologiko bat islatu nahi izan da: aztarnaren fenomenoa; hau da, gizaki edo animalia gazteen ikaskuntza-prozesuan lehenbizi ezagututako estimuluek duten marka», argitu du Miren Agur Meabek.
Haur hizkera
Estiloari dagokionez, azpimarratzekoak dira, alde batetik haur-hizkeraren erabilera —hotsitzak, lexiko espezifikoa, deiturak, interjekzioak—, eta bestetik, usadiozko haur-kanten uztarketa.
Miren Agur Meaberen lana, Estibalitz Jalon ilustratzailearen irudiekin osatu dute. Estibalitz Jalonen ilustrazioek pertsonaien arteko harremanaren samurtasuna areagotzen dutela esan dute.