Libre asteburua egingo dute Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan
Lekeitioko Galarrena, Mutrikuko Zubixa eta Ondarroako Txokoa «libre eta zabalik» nahi dituztela aldarrikatuko dute. Tartean, Urtza Alkortari ongietorria egingo dioteAzkenaldian egin diren makroepaiketen «izaera antidemokratikoa» salatzeko eta herri...
Lekeitioko Galarrena, Mutrikuko Zubixa eta Ondarroako Txokoa «libre eta zabalik» nahi dituztela aldarrikatuko dute. Tartean, Urtza Alkortari ongietorria egingo diote
Azkenaldian egin diren makroepaiketen «izaera antidemokratikoa» salatzeko eta herriko tabernen alde Libre asteburua antolatuko dute Lekeitio, Mutriku eta Ondarroan. Besteak beste, Lekeitioko Galarrena, Mutrikuko Zubixa eta Ondarroako Txokoa «libre eta zabalik» nahi dituztela aldarrikatuko da datozen egunotan.Euskal Herri osoko 107 herriko taberna ixteko arriskuan daudela ohartarazi dute, eta egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena egin dute. Halaber, zapi edo kamiseta laranjak janztera deitu dituzte herritarrak.
Hain zuzen ere, Euskal Herri osoko Libre dinamikako kideek egindako deialdiagaz bat egin dute bertoko hiru herrietako ekimenek. Zehatz esanda, abenduaren 3an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den 04/08 auzian epaituak izango diren ezker abertzaleko 35 kideenganako elkartasuna emate aldera antolatu dira mobilizazioak. Hainbat bidar epaiketa atzeratu ostean, azaroaren 16an zen hastekoa Mikel Etxaburu ondarrutarraren eta ezker abertzaleko beste kideen aurkako epaiketa, eta funtsean, arrazoi horregatik deitu dituzte data hauetan mobilizazioak.
Herri bakoitzak mobilizazio horiei zer itxura eman nahi izan dien erabakitzeko aukera izan du, eta hala, bertoko hiru herrietan bertso saioak, bideo proiekzioak, mendi irteerak, herri bazkariak, umeentzako jolasak, hitzaldiak, mahainguruak eta beste hainbat ekimen egin dira.
Askegunearen filosofia
Asteburuko ekimenekin hasten lehenengoa, Ondarroa izango da, eta Libre dinamikako kideek datorren asteburuak «bestelako itxura» izango duela nabarmendu dute. Oro har, Askegunearen filosofia berreskuratu eta bertan bizi izandakoa gogora ekarri nahi dute. «Aldarrikapena baino haratago joan nahi dugu. Izan ere, Askegunea ere haratago joan zen ekimena izan zen. Herriko hainbat herritarrek eta taldek parte hartu zuten Askegunean, eta konpromiso zehatz bat agertu zuten egun haietan. Azken finean, Euskal Herriak konponbidearen garaia dela argi utzi zuen. Hau asteburua ere horrelaxe nahi dugu irudikatu».
Hiru arrazoi nagusigatik, gainera, Libre asteburuak Ondarroan esanahi berezia izango duela azpimarratu dute. «Alde batetik, Txokoaren lapurreta daukagu. Txokoa itxi egin nahi digute, eta Gabon aurretik itxiko dutela aurreikusten dugu. Bestetik, Mikel Etxabururen aurkako epaiketa ere hor daukagu, eta azkenik, Urtza Alkorta ere aske geratuko da».
2013ko maiatzaren 15ean Ondarroako zubi harresian atxilotu ostean, etzi aske geratuko da Urtza Alkorta Arrizabalaga; herrira bueltan «ongietorri beroa» egingo diotela azpimarratu dute Libre dinamikako kideek. «Herri harresitik zubia igaro genuela esan zen duela bi urte hainbat komunikabideetan, eta horixe nahi dugu irudikatu oraingoan ere. Hori dela eta, plaiko zubian emango diogu Urtzari ongietorria. Gure asmoa honakoa da: Urtzak Itsasaurreko zubian irtengo du, eta Alamedara ailegatu bitartean, Plaiko Zubian egongo diren herritarren artetik igaroko da. Behin Alamedara ailegatuta, hantxe jarraituko du ongietorriak».
Bideo proiekzioak
Datozen asteotan 04/08 auzian epaitua izango den Mikel Etxaburu ondarrutarrak, aldiz, abenduaren 3an Madrilen hasiko den epaiketaren inguruko hitzaldia emango du. «Euskal Herriak beste garai batean sartuta egon beharko lukeela deritzogu, eta hortaz, ez dugu onartzen ez epaiketarik ez atxiloketarik. Ekimen honegaz Mikel eta gainontzeko kideen aurkako epaiketa ez dugula ontzat ikusten nabarmendu nahi dugu».
Bestalde, zapatu eguerdian egingo den bazkarirako txartelak Anaitasuna eta Kulixka tabernetan salgai daudela gogorarazi dute. «250 lagunentzako tokia dago bakarrik bazkaritan, hortaz, sarrerak lehenbailehen eskuratzea gomendatzen diegu herritarrei. Martxa onean saltzen ari dira eta».
Bestalde, bihar, Desobedientzia: Elkartasunetik konpromisora dokumentala proiektatuko dute Alamedako karpan, eta berau aurkezten Eleak Mugimenduko Txerra Bolinaga eta Ibai Iriarte egongo dira. Ondarroan ez eze, Lekeition eta Mutrikun ere proiektatuko da dokumentala. Lekeition, etzi, 17:00etan egingo da emanaldia, eta Mutrikun, aldiz, domekan, 18:00etan.