Japoniako kulturak hartuko du Markina-Xemein datozen asteetan
Paperezko eskulan tailerrak, lore apainketa eta sukaldaritza tailerrak prestatu dituzte, Herri Bibliotekak eta Uhagonek, Japoniako kultura eta ohiturak ezagutzera ematekoKirigami, Ikebana eta Kamishibai bezalako teknikak ezagunak egingo dira hemendik e...
Paperezko eskulan tailerrak, lore apainketa eta sukaldaritza tailerrak prestatu dituzte, Herri Bibliotekak eta Uhagonek, Japoniako kultura eta ohiturak ezagutzera emateko
Kirigami, Ikebana eta Kamishibai bezalako teknikak ezagunak egingo dira hemendik eta urte amaiera bitartean Markina-Xemeinen. Munduko Paisaiak egitasmoagaz bat egin dute, aurten ere, Herri Bibliotekak eta Uhagonek, eta Japoniako kulturaz gehiago jakiteko jardueraz beteriko egitaraua prestatu dute.Asteburu honetan bertan murgilduko dira markina-xemeindarrak Japoniako paisaietan. Erakusketa zabalduko dute bihar 19:30ean, Uhagon kulturgunean, Japoniako argazkiekin, eta ohiturazko Te Zeremonia gertu-gertutik ezagutzeko aukera egongo da.
Azarorako, familiei zuzendutako Kirigami paperezko eskulan tailerrak ere antolatu dituzte herri bibliotekan, azaroaren 21ean, 17:00etan eta 22an, 12:00etan. Horretaz gainera, Japoniako animazioko pelikulak ere emango dituzte umeentzat, herriko guraso elkartearen laguntzagaz.
Umeak ez dira izango baina, Japoniako kulturara hurreratzeko aukera izango duten bakarrak. Alde batetik, Ikebana, lore apainketaren japoniar artea, irakatsiko dute abenduaren 5ean uhagoneko erakusketa gelan; eta bestetik, sukaldaritza tailerra egongo da Axpeko Etxebarri erretegian behar egiten duen japoniar jatorriko sukaldariaren eskutik. Etxebarri Erretegia munduko jatetxe hoberenen artean dago, eta Michelin gida ospetsuan izar bat ere badauka. Abenduaren 7an da ikastaroa.
Horretaz gainera, Kamishibai teknikagaz kontatutako ipuinak entzun eta japoniarrak urte berria agurtzeko bidaltzen dituzten Nengajyo postalak egiten ikasteko aukera ere egongo da. Postalen tailerra abenduaren azken astean emango dute.