Xepe Gallastegi entrenatzailea kargutik kendu du Aurrerak
Aurrerako zuzendaritza batzordeak Xepe Gallastegi nagusien taldeko entrenatzailea kargutik kentzea erabaki du. «3. mailako taldeak azken bolada honetan daraman bidea ikusita, Xepe Gallastegik ez du Aurrerako entrenatzaile izaten jarraituko».Entrenatz...
Entrenatzaile eibartarra orain hiru denboraldi hasi zen nagusien taldea zuzentzen, eta guztira, 113 partida gidatu ditu. Zehatz esanda, 2012ko abenduan Mikel Aramaio entrenatzailea kargutik kendu ostean hasi zen beharrean Gallastegi, eta orduz geroztik, taldeak lortu dituen emaitza onak berari esker izan dira hein handi batean. Besteak beste, taldea zuzendu zuen lehen denboraldian jaitsiera postuak saihestu zituen taldeak, eta iaz, aldiz, hirugarren mailara igotzea lortu zuten.
Ordezkoaren bila
Azken hiru denboraldietan egindako lan ona aitortu eta klubaren onerako lortutako guztia eskertu nahi izan ditu zuzendaritza batzordeak. «Asko eman dio Aurrerari, eta orain unerik gozoenak bizitzen ari ez garen arren, ezin dugu ahaztu berak urte hauetan egindako lana eta taldeari emandako guztia».
Klubaren arduradunek jakitera eman dutenez, gainera, entrenatzaile berria fitxatzeko lanetan hasita daude dagoeneko. «Gure asmoa lehenbailen taldea zuzenduko duen entrenatzailea kontratatzea da. Datozen partida garrantzitsuei begira taldea indartu eta jokalariak zelaigunean dena emateko motibatuko dituen entrenatzailea behar dugu».