Mutrikuko danbor moila historikoaren zati bat eraitsi egin dutela salatu du B+Ik
Herriko ondarearen zati bat apurtu dutela nabarmendu du Mutrikuko koalizioak. Dikean lanean ari diren kamioiek «pasabide zuzenagoa eta zabalagoa» izateko apurtu dute moilaMutrikuko kanpoko dikean egiten ari diren lanen arduradunek herenegun danbor mo...
Herriko ondarearen zati bat apurtu dutela nabarmendu du Mutrikuko koalizioak. Dikean lanean ari diren kamioiek «pasabide zuzenagoa eta zabalagoa» izateko apurtu dute moila
Mutrikuko kanpoko dikean egiten ari diren lanen arduradunek herenegun danbor moilako 10 bat metro eraitsi zituztela salatu dute Berdeak+Independienteak taldeko ordezkariek. Herriko ondare historikoaren zati bat apurtu dutela nabarmendu dute.Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzako arduradunei azalpenak eskatu dizkiete, eta haiek esandakoaren arabera, kamioiek hondartzako eremura sartzerako orduan «pasabide zuzenagoa eta zabalagoa» edukitzeko eraitsi dute moila zatia. «Gure ondarearen parte da Evaristo Txurruka ingeniari ospetsuak burutu eta harriz harri eginiko moila. Balio izugarria dauka herritar guztiontzat, eta hau derrigortasun tekniko baten testuinguruan apurtzea ezin daiteke onartu».
Eskumen guztia
Portu Zuzendaritzak eremu horretan nahi dituen lanak egiteko eskumena duela jakitun da B+I taldea, baina horrelako ekintza bat herritarrekin kontsultatu gabe egitea «ez dela bidezkoa» kexu dira. «Hondeamakina moila zulatzen ari zela jabetu ginenean zeharo harrituta geratu ginen. Inolako abisu edo jakinarazpenik eman gabe egin dituzte eraisketa lanak; alkatetzako inork ere ez zuen honen berri».
Portu Zuzendaritzak partaidetza prozesu ireki bat burutu nahi du Mutrikuko Portuko Plan Bereziaren inguruan, baina horrelako ekintzek herritarren artean zalantza eragin dezaketela deritzote. «Herritarrok prozesu horretan zer nolako konfiantza izan genezake, suntsiketa hau egiteko zalantza bat bera ere ez dutenean izan?».