Euskara batzordeari buzuz ariko dira gaur munitibartarrak
Gaur Euskara batzordeari buruzko batzarra egingo dute Munitibarren. 19:00etatik aurrera izango da udal aretoan. Herriko elkarte desberdinak elkartuko dira, eta udaletik herritarrei ere dei egin diete bileran parte hartzeko.Euskara batzordea sortzeko as...
Euskara batzordea sortzeko asmoa dute, eta udalerrian euskararen inguruan zein ekintza edo jarduera egin azaldu eta aztertuko dute.
Udaleko ordezkariekin herriko talde edo eragile desberdinetako kideak ere batzartuko dira: Gurasoen elkartea, 3. adinekoen elkartea, Oizpe egoitza, Gaztetxea, kirol elkartea…
Diagnosia
Halaber, udal ordezkariek azaldu dutenez, Udal Euskaldunen Mankomunitateagaz elkarlanean udalerriko euskararen diagnosia egingo dute. «Aspaldi egin zen hemen euskararen inguruko azterketa, eta azken urteetan euskarak beherakada izan du herrian».
Biztanleria osora heldu nahi dute, 400 bat herritarrengana, eta diagnosia egin ostean, zein pauso eman eta zelan jokatu aztertuko dute.
Euskara ikasten
Bestalde, Munitibarko udalak Uemagaz elkarlanean ikasturte osorako euskara ikastaroa antolatu du, eta gaur hasiko dira ikasleak eskolekin.
Hain zuzen ere, 16 lagunek parte hartuko dute ikastaroan. Markina-Xemeingo AEK euskaltegiko irakasle batek herrian bertan emango dizkie eskolak.
Ikasleei zein mala duten ikusteko probak egin dizkiete dagoeneko eta bi mailetan banatu dituzte.
Astean bi egunetan egingo dituzte saioak, egun bakoitzean bi ordu eta erdiz.
Hasiera maila dutenak goizetan batuko dira, eguaztenetan eta eguenetan 10:30etatik 13:00ak arte.
Bestalde, A 2 mailan hasiko direnak eguenetan eta barikuetan izango dituzte eskolak. Asmoa da horiek ikasturte amaierarako B 1 maila lortzea.
Eguenetan 19:00etatik 21:30etara bitartean egongo dira euskara ikasten, eta barikuetan, berriz, 18:00etatik 20:30etara.
Azaldu dutenez ikasturtean zehar eskoletan apuntatzeko aukera egongo da.