Uda giroa sanmartinetan
Txapelketa eta desafioz betetako asteburua izan dute Foruan; nekazal azoka eta abereen erakusketa ere eduki dituzte. Bihar, santuaren egunean, jarraituko dituzte ospakizunak. Kanalan ere jai eguna izango dute biharkoa.Bihar da San Martin eguna, hala er...
Txapelketa eta desafioz betetako asteburua izan dute Foruan; nekazal azoka eta abereen erakusketa ere eduki dituzte. Bihar, santuaren egunean, jarraituko dituzte ospakizunak. Kanalan ere jai eguna izango dute biharkoa.
Bihar da San Martin eguna, hala ere, Foruan asteburuan hasi ziren sanmartinak girotzen. Eguraldia, gainera, lagun izan dute foruarrek, udako giroa izan baita asteburuan. Hala, hainbat lagun izan dira San Martin jaietaz gozatzera hurbildu direnak.Txapelketa eta herritarren arteko desafioak nagusitu dira asteburuan Foruan. Igel, tute eta briska txapelketetan parte hartzeko aukera izan dute herritarrek. Gainera, domekan, ohiko karakol txapelketa egin zuten; 36. edizioa zuten aurtengoa. Karakol kazolak prestatzen ibili ziren goizean zehar herriko kaleetan, gehienak, urteroko aurpegi ezagunak. 8 kazola aurkeztu dituzte aurtengo txapelketara eta Miren izeneko kazola izan da epaimahaiaren arabera gozoena. Ariana eta Txakarro kazolek jaso dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren.
Bestalde, idi probak zein aizkolarien arteko desafioa, ume zein nagusiena, izan dira asteburuan.
Nekazal azoka
Baserritarren munduagaz bat eginez, nekazal azoka ere izan zen Foruan, domekan, hamalaugarrenez. Baserritarrak zein artisauak izan ziren azokan, hainbat produktu eskainita: gazta, patea, barazkiak, ogia, narrua, keramika, kamisetak… Taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere egon zen. Giro polita sortu zen azoka inguruan. Gainera, bertaratutako umeek baserriko abereen erakusketagaz ondo pasatzeko aukera izan zuten.
Bihar, San Martin egunagaz batera jarraituko dituzte ospakizunak Foruan. Santuaren eguna ospatuko dute ere, Sukarrietako Kanala auzoan. Meza eta bazkari herrokia izango dituzte.
Bermeon, berriz, datorren domekan ospatuko dute santuaren eguna.