Txomin Aranari babesa erakutsiz jendetza batu da Dakar festan
Egun osoan zehar ehunka lagun ibili ziren; kirol ekitaldi ugari egin zituzten jai giroan. Dakar 2016ko aurkezpena egin zuen Aranak Gernika Off Roadeko kideekinJendetza batu zen zapatuan Dakar Festan, Kortezubin. Bigarren urtez jarraian, ehunka lagunek ...
Egun osoan zehar ehunka lagun ibili ziren; kirol ekitaldi ugari egin zituzten jai giroan. Dakar 2016ko aurkezpena egin zuen Aranak Gernika Off Roadeko kideekin
Jendetza batu zen zapatuan Dakar Festan, Kortezubin. Bigarren urtez jarraian, ehunka lagunek erakutsi zieten babesa Txomin Arana Ereñoko pilotuari.Goizean moto zein autoetan ibilbide desberdinak egin zituzten bertaratutakoek, eta eguerdirako jai giroa nagusi zen.
Eguerdian herri kirolen erakustaldiagaz gozatu zuten, eta bazkaldu aurretik Irene Caminok bike trialean duen abilezia agerian utzi zuen, ikusleak aho zabalik utzita. Zenbait rally auto, moto klasiko eta 2016ko Dakarrera Txomin Aranak eroango duen motorra ere ikusgai egon ziren eta askoren jakinmina piztu zuten.
Bazkaritan 400 lagun inguru elkartu ziren Kortezubiko frontoian.Gero, bapo bazkaldu ostean, Gor Sport Dakar 2016 aurkezpena egin zuen Aranak Gernika Off Road-eko kideekin batera.
Aurtengo Dakarreko esperientziaren errepasoa egin zuen pilotu ereñarrak, eta 2016ko Dakarrerako zelan prestatzen ibili den eta zein asmo dituen kontatu zuen ekitaldian. Laguntza ematera hurlbildu ziren guztiei eskerrik beroenak emateko ere aprobetxatu zuen.
Moto berria prestatzen
Aranak adierazi zuen aurreko urtean baino hobeto prestatu duela proba, eta lesio txikiren batzuk izan dituen arren, denboraldia oso ondo joan dela, eta gustura eta gogor sentitu dela kontatu zuen.
2016ko Dakarrerako Husqvarna markako (KTM-ren filiala) moto berria estreinatu du dagoeneko Aranak. Orain dela bi aste Zaragoza aldean (Espainia) ibili zen motorragaz entrenatzen. 250 bat kilometro egin ditu Monegrosen, eta sentsazio nahiko onak izan dituela dio: «Aurreko Yamaha ere eroan nuen, biak probatu eta konparatzeko. Egia esan Yamaha oso moto ona da, eta gustura ibili nintzen, baina, oraingoan apustu berria egin dugu eta nik uste dut moto ona dela eta zeresana emango dugula. Ahalegina egingo dugu eta ea aurrekoan bezala edo hobeto ibiltzen garen».
Gernika Off Road-eko kideek gogoratu zuten, haiek humiltasunetik hartzen dutela proba, ezinezkoa baita beste pilotu ofizialen pare egotea, haiek baliabide ikaragarriak dituztelako.
Hala, gogoratu zuten helburu nagusia Dakarra amaitzea dela, eta horrekin batera, aurreko postua mantentzea lortzea, «eta hobetzen badugu askoz hobeto».
Aranak, punta-puntako pilotuen alboan aritzea ohorea dela azaldu zuen: «Turkiako rallyan Dakarren antzeko etapak ziren eta pilotu ofizialengandik eta punta-puntako pilotuengandik hurbil ikusten nuen neure burua. Marokon, ostera, ikusi nuen oraindik aput bat geratzen dela euren mailara heltzeko. Oso-oso azkar doaz, ez dakit ipintzen duten erritmoa jarraitzeko kapaz naizen Dakar oso batean».
Baina, eurengandik ahalik eta hurbilen ibiltzeko ahalegina egingo duela azpimarratu zuen. «Gehien baloratzen dudana da irteeretan eta helmugetan haiekin egotea. Punta-puntako pilotuak dira, eta haiengandik asko ikasten dela uste dut».